Karmen Jaietako zesta-punta txapelketa.
Aurreko urteetan baino arinago hasiko da norgehiagoka, jokatzeko sistema berezia prestatu dute-eta aurtengo txapelketarako. Denak denekin eta denak denen kontra jokatuko dute. «Sistema polita da eta lehia pizten du, denak dira aurkari eta bikotekide», azaldu du Gorka Urkidi kantxazainak.
86 partida jokatuko dituzte guztira, lau kategoriatan banatuta, eta finala uztailaren 31n izatea aurreikusi dute.
Elite maila, lehenengo maila, bigarren maila eta gazteen maila ariko dira jokoan. Elite mailan, zortzi aurrelarik eta zortzi atzelarik jokatuko dute, beste maila guztietan, ostera, sei aurrelari eta sei atzelari egongo dira bakoitzean.
Aurrelari guztiak atzelari guztiekin batera eta guztien kontra jokatu ostean jakingo da zeintzuk egongo diren finalean. Irabazten duten partida bakoitzeko puntuak eskuratuko dituzte pilotariek, eta puntu gehien dituen aurrelaria eta atzelaria zuzenean pasatuko dira finalera.
Bestalde, sailkapenean bigarren geratzen diren pilotariak eta hirugarren geratzen direnak finalaurrekoa jokatuko dute euren artean. Partidu horren irabazleek ere, finalean egoteko aukera izango dute.
Markagailua ere garrantzitsua izango da; pilotarien puntuetan berdinketa egonez gero, tantu kopurua edukiko dute-eta kontuan antolatzaileek.
Pilotariak
Txapelketa, batez ere Lea-Artibai eta inguruko herrietako pilotariek jokatuko badute ere, kanpoko pilotariak ere hartuko dute parte norgehiagokan. Iparraldeko Tanbo eta Inza, gipuzkoako Alberro, Iturbide eta Bailo nafarrak eta Gasteiztik etorriko den Forondak ere jokatuko dutela jakitera eman du Gorka Urkidik. «Daniatik etorri berri diren pilotariak ere izango ditugu, Salegi, Etxeba eta Garita esate baterako», zehaztu du kantxazainak.
Bertoko pilotariak ere azpimarratu ditu Urkidik, eta Antxon, Arbe eta Barandika aitatu ditu beste batzuen artean. Felix Espillak ere ikuskizunean parte hartuko duela aurreratu du.