Oso gaztea zelarik ikusmena galtzen hasi zen Ager Solabarrieta Txakartegi (Ondarroa, 1972). Baina gaixotasuna ez da bihurtu nahi dituen gauzak lortzeko eragozpen. Kasualitatez, orain 11 urte tiro olinpikoa egiten hasi zen, eta, orduz geroztik Maite Badiola Akarregi (Ondarroa, 1971) bere emazte eta laguntzaileagaz hainbat txapel irabazi ditu.
Maite Badiola eta Ager Solabarrieta
Iaz, esaterako, garaipenez betetako urtea izan zen: besteak beste, Espainiako Txapelketa eta Nafarroako irekia irabazi zituzten, zutunik egiten den euskarririk gabeko modalitatean. Aurten ere, iazko maila ona erakutsi eta garaipenak etxera ekartzen ahaleginduko dira;
lehenengoa lortua dute jada.
2013an lehen postutik puntu bakar bakar batera geratu eta gero, iaz arantza kendu eta Espainiako txapelketa irabazi zenuten. Zelakoa izan zen?
Ager Solabarrieta. Sinestezina izan zen. Entrenatzen ari zaren denbora guztiak bere fruituak ematen dituela jabetzea oso pozgarria da.
Eta zuretzako, Maite?
Maite Badiola. Ni batez ere beragatik poztu nintzen. Agerrek ordu luzez egiten duen beharrari emandako saria izan zen.
Espainiako Txapelketa irabazi eta gero, Europa mailan parte hartzeko aukera ere izan duzue. Nolakoa izan zen esperientzia?
M.B: Nahikoa gogorra izan zen. Ez genuen inoren laguntzarik jaso, bakarrik gure klubak lagundu zigun. Egia esan, ez genekien zer giro aurkituko genuen hemengo txapelketetatik kanpora.
Eta zer aurkitu zenuten?
M.B: Han beste maila batean jokatzen dute. Gure aldean gauzak seriotasun handiagoagaz hartzen dituzte, kirol olinpiko baten antzera.
Txapelketa bera, zelakoa izan zen?
A.S: Oso urduri egon nintzen.
M.B: Ezagutzen dudan urte guztietan ez dut sekula horrela ikusi.
Eta urduritasun hori, zergatik?
A.S: Bat-batean presiopean sentitu nintzen. Kanpoan, esperientzia berri bat bizitzen ari nintzen, eta dena ere ondo egin nahi nuen.
Zuk Maite, ezin zenuen lasaitu?
M.B: Nik laguntzaile modura ezin dut berbarik egin, debekatua dago. Besoan eta bizkarrean egin ahal dizkiodan igurtziekin komunikatu ahal gara bakarrik. Berak zer denbora falta zaion eta zenbat tiro bota dituen galdetu ahal du, baina, hori baino gehiagorik ezin du galdetu.
Hala eta guztiz ere, Londrestik 10. postuagaz bueltatu zineten.
M.B: Gauzarik garrantzitsuena ez zen postua izan. Maila hobetzera joan ginen. Baina urduri jarri zenez, ez zuen bere onena eman, eta orain arte lortutako mailaren azpitik aritu ginen. Ez da bat ere marka eskasa, baina bataz bestekoa baino askos puntuazio baxuagoa lortu genuen.
Londresekoa eta gero, nazioarteko beste txapelketaren batera joateko asmorik baduzue?
M.B: Bai, irailean Insbruckera (Austria) joango gara.
Ager Solabarrieta eta Maite Badiola, denboraldiko lehen proban parte hartzen. Argazkia: Kirol Egokituen Euskal Federazioa
Aurtengo denboraldia hasi besterik ez duzue egin. Euskal Liga aurreko astean hasi zen, nola joan zen?
M.B: Ez genuen nahi bezalako maila onik erakutsi, baina Euskal Ligako lehen proba irabazi eta Espainiako Txapelketan jokatzeko txartela lortu dugu.
Noiz hasi zinen kirol honetan?
A.S: Hau 11. urtea izango da.
Zer dela eta hasi zinen?
A.S: Umetatik ehizara joatea eta horrelakoak gustuko izan ditut, baina betidanik ere eduki izan dut ikusmen gaixotasun hau.
ONCEra informatika ikastera joan nintzen batean, hantxe markina-xemeindar bat aurkitu nuen, eta tiro olinpikoa egiten zuela aipatu zidan. Probatzea erabaki nuen, eta gaurdaino ez naiz gelditu.
Honezkero hainbat sari lortuko zenituen. Horietan guztietan zeinek egin dizu ilusiorik gehien?
A.S: 2008an lortu nuen Euskal Herriko lehen txapelak asko poztu ninduen. Beti bigarren geratzen nintzen, eta txapela ezin lortuta ibili ostean, lehen egiteak ilusio handia egin zidan. Horrez gain, iaz Espainaiko Txapelketa eta Nafarroako Irekia irabazteak ere ilusio handia egin zidaten. Egia esan, hamar urtez Nafarroako Irekia ezin irabazita ibili nintzen, eta sekulakoa izan zen.
Entrenamenduei dagokionez, nolakoak izaten dira?
A.S: Postura egonkor eta egoki bat mantentzen laguntzen didan jantzi berezia soinean ipini, eta karabinagaz entrenatzen hasten naiz. Entrenamendu bakoitza desberdina izaten da, eta beti gauza berriak probatzen aritzen gara. Azken finean, karabina ondo ezagutu beharra dago.
Beti tente aritzen zara?
A.S: Bai. Hala ere, Europa mailan beste disziplina batzuk egiten direla ikusi dugu, eta horietan entrenatzen hasia naiz, hurrengo batean parte hartzeko bada ere.
Ager Solabarrieta Maite Badiola
Tiro ere denbora zehatz baten barruan bota behar izaten duzue, ezta?
M.B: Diana egiteko eraren arabera, denbora gehiago edo gutxiago ematen da.
Eta zuk Maite, zertan laguntzen diozu txapelketetan?
M.B: Nik tiroa nora botatzen duen kontrolatzen dut, eta horren arabera igurtziekin zer egin behar duen adierazten joaten naiz.
Igurtziekin nola ulertzen zarete?
M.B: Bizkarra diana izango litzateke, eta hori erloju bat izango balitz bezala marrazten joaten naiz. Puntuazioari dagokionez, besagainean ikutzen baldin badut 10ekoa lortu du, eta besoaren goi aldean edo beheko aldean ikutuz gero, 9koa eta 8koa lortu duela esan nahi du, hurrenez hurren.
Hortaz, bion arteko konplizitatea beharrezkoa da.
A.S: Bai noski. Laguntzailerik gabe gure lana ezinezkoa izango zen. Eurak dira gure begiak.
Agerri ez eze, beste batzuei ere laguntzaile lanetan laguntzen diezu, ezta?
M.B: Bai, hori da. Laguntzaile falta dago, eta askotan beste batzuen laguntzaile lanetan ere aritzen naiz txapelketetan. Horiek, normalean, ez ditut ezagutzen, eta noraino ailegatzeko kapaz diren galdetzen diet ahalik eta hobetoen laguntzeko.
Alde teknikoari dagokionez, dianarik ez baduzu ikusten, nola apuntatzen duzu?
A.S: Karabinak mira teleskopiko bat izaten du, baina ultrasoinu bidez informazioa ematekoa egokitua dago.
Eta informazio hori nola lortzen du mira teleskopikoak?
A.S: Dianaren gainean, kartoi beltz bat ipintzen da; zulo batetik atzean diana ikusten da. Horrek, gainean, diana txiki bat edukitzen du, ilunetik argira, gris koloreetan marraztua. Horri guztiari, argi txiki bat ipintzen zaio gainean, eta gerokoan, mira teleskopikoak argi hori guztia soinuan bihurtzen du. Entzungailu batzuk ipinita izaten ditugu, eta hortik soinuren bat edo beste entzuten joaten gara.
Zer soinu?
A.S: Zenbat eta argitasun gehiago egon, soinua finagoa da, eta zenbat eta argitasun gutxiago, soinua baxuagoa da. Horren guztiaren arabera dianatik hurbilago eta urrunago nagoen jakiten dut.
M.B: Mira teleskopikoari dagokionez, Nazioarteko Federazioak datorren urterarako mirak aldatu egin nahi ditu.
Zergatik?
M.B: Biathloian erabiltzen den sistema berbera ezarri nahi dute, beti ere, egokitua. Modu horretara, olinpiadetan parte hartzeko aukera ere edukiko genuke.