Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942) idazle, euskaltzaiin, soziologo eta Jakin aldizkariko zuzendari ohiak hezur-muineko minbizia dauka, eta 2003az geroztik bizi izandakoari egotzi dio.
Zergatik erabaki zenuen Baionan, torturari buruzko jardunaldietan zuk jasandako torturen kontaketa egitea?
Kongresuko antolatzaileek eskatu eta erregutu egin zidaten parte har nezan nire lekukotasuna edo testigantza emanez. Nire profileko bat behar zutela, Euskal Herritik kanpora ere torturen gaia atera zedin. Jardunaldi akademikoa zen, eta, gainera, nazioartekoa. Bi arrazoi horiengatik onartu nuen, kostata, baina.
Orduan bizitako eta sufritutako guztiagaz lotzen duzu egun sufritzen duzun minbizia.
Baionako nazioarteko jardunaldietan esan nuen lehen aldiz jendaurrean minbizia dudala, bai, harira zetorrelako. Nire ustean, nire minbiziak Egunkaria kasuko torturan ditu bere zuztarrak. Kausa-efektu erlazioa ikusten diot. Ez naiz medikua eta ez naiz frogatzen ahaleginduko, baina ni neu, neure barruan, seguru nago. Gehiago esango dizut: publiko egin dudanetik hainbat konfidentzia izan ditut, nork bere kasua aipatuz edo inguruko norbaitena, eta kasu guztietan trauma osteko estresaren ondorioz gaitz fisikoa jasan dutenen kasuak dira.
Publikoki asteburuan lehen aldiz kontatu zenuena azaltzea, zaila al da?
Ez da erraza zure barruko kontuak jendaurrean azaltzea. Lotsa kontua da. Errazagoa da, beti ere, garaipenak edo ekintza arrakastatsuak haizatzea. Bestalde, plaza publikoan tortura gaiagaz azalduzalea sekula ez naiz izan. Bost urte behar izan nituen eman zidaten tratuari «tortura» izena jartzeko. Torturaz jendaurrean hitz egitea zaila baldin bazait, pentsa zer izango den minbizia daukazula mundu osoari jakinaraztea. Eta oraindik zailagoa da bien arteko lotura egitea. Zaila da, baina barruak agindu zidan esan egin behar nuela, egiari zor niolako, neure buruari eta nire jendeari zor niolako. Ziur nago ez dela nirea kasu bakarra, eta nahiko nuke bide hau beste batzuek ere urratzea. Ni baino gehiago sufritu duen jende asko dago. Gure herrian asko sufritu da, asko sufritzen da hemen modu bidegabean, eta aitorpenenen arrastorik ez dago.
Zelan gogoratzen duzu Guardia Zibilak zure etxera sartu ziren momentua?
Atxiloketa osoan une gogorrena ez bada gogorrenetakoa hauxe da, zelan sartu ziren etxean atea apurtuta, goizeko ordu bat eta erdietan, orroka, kolpeka, zelan apuntatzen zaituen bekokira fusilekin, zelan emaztea eta umeak zugandik apartatzen dituzten. Lau ordu egon ziren etxean, nire dokumentuak eta paperak hartu eta euren poltsetan sartzen hamar bat guardia zibil. Eskuak burdinez lotuta etxetik eramatean, familia agurtzen minutu erdi bat utzi zidaten, besarkadatxo bat, guztiz blokeaturik guztiok. Eta ez zait sekula ahaztuko, ez umeen begiratu galdua eta izutia, eta ez, zelan guardia zibil batek bota zidan: «Zein hotz agurtu dituzun umeak!» Eta geroago, «umeek aitaren zein irudi izango dute orain?». Barru gaiztoa behar du gizonak! Hortxe apurtu zuten nire erresistentziaren lehen harresia.
Etxetik bulegora eraman zintuzten dokumentu miaketa egiteko.
Etxetik segidan eraman ninduten Jakinen bulegora, nire bulego profesionalera. Hura zen guardia zibil piloa. Mugitu ezin zen bakarra, neu. Lokal guztia grabatu, zoko eta bazter guztiak miatu, ordenagailuaren tripak atera eta edukiak kopiatu. Nire eta Jakinen dokumentu guztiak miatu zituzten. Iruditzen zitzaien guztia apartatu eta jaso zuten eramateko, ehunka eta ehunka paper. Era guztietakoak, originalak eta kopiak, ofizialak eta intimoak, intimoenak ere bai, nire dosierrak eta agendak. Zazpi ordutan bildu zuten guztia. Zein den gogorra inpotentziarik handienarekin ikustea nahi zutena egin zezaketela, horretan ari zirela, zure iragana txikitzen eta zure etorkizuna baldintzatzen ari zirela zeure begien aurrean. Nire bizitza profesionala, nire urteetako lana, pikutara botatzen ari ziren. Kulturalki biluzik utzi ninduten. Eta nik ezin nuen ezer egin.
Miaketaren ostean, bidaia eta inkomunikazioa. «Benetako» inkomunikazioa izan zela aipatu duzu.
Madrilgo bidaia bai luzea, lau guardia zibilen artean, ez jan, ez edan, ez txiza egin. Eta burua makurtuta, begiak itxita. Ez nuen ezertarako eskubiderik, baina bai agindu bat: berba egitekoa, isildu barik. Benetan gogorra. Baina ezer ez gerokoagaz alderatuta. Infernu zuloan sartu ninduten bost egunerako, galdeketaz josteko, kolpe eta irainez umiltzeko. Bai, inkomunikazioa eta isolamendua erabatekoa da, osoa: erlojurik ez, eguneko argirik ez, 24 ordu argi bonbilla bat piztuta. Ez dakizu zein egun den, ez zein ordu. Inkomunikazio hori, baina, majo hausten zuten guardia zibilek, itaunketara behin eta berriz deituz, edozein ordutan, beti kaputxaz estalita eta burua makurtuta. Umilgarria den-dena, nortasun txikitzailea.
J.M. Torrealdai: “Ez da erraz zure barruko kontuak jendaurrean azaltzea, lotsa kontua da; ahalegin guztia egingo dut minbizia bizi minez gainditzeko
Gutxi gorabehera, hilabete bat egin zenuen kartzelan. Ondoren, posible izan duzu normaltasunera bueltatzea?
Kartzela zerutzat hartu genuen hasieran, gentozen lekutik etorrita. Baina ez zuen luze iraun zeruak. Kartzela gogorra da, funtzionarioen apetetara zaude. Eskerrak euskaldun batzuk baziren han, eta sekulako laguntza eskaini zidaten. Geroztik normaltasunera bueltatu naizen? Bai eta ez. Neurri handi batean bai, baina ez guztiz. Famili bizitza egin dut, lan profesionalean jardun naiz, bizitza soziala ere bai, baina beti dago hor nonbaiten «gure kasua». Ez ahaztu, gainera, 12.000 euroko fidantza ordainduta ateratzen zarela, eskubide zibilak mugatuta segitzen duzula, eta, gainera, epaiketa daukazula buru gainean. Bi epaiketa, hobeto esan: 2010ean gauzatu zena bata, eta oraintsu, duela sei hilabete itxi dena bestea. Zenbat joan-etorri, zenbat neke eta buruhauste. Zelan nahi duzu normaltasunera guztiz itzultzea? Begira, oraintxe bertan, hamabi urte igaro eta gero ere, arazo horri bueltaka gabiltza. Betiko markatuta gelditu naizelakoan nago, trauma osteko estresaren ondoriozko minbiziagaz.
Momentu batean galdutako autoestimua berreskuratzea posible al da?
Bai, posible eta egingarria da. Horretarako daude psikologo eta psikiatrak, eta horretarako dago, batez ere, gure herria. Herri honek eman digun sostenguak, atxikimenduak, maitasunak… zutik mantendu gaitu. Ordaintezineko zorra daukagu herriko jendeagaz, erakunde publikoekin, eragile sozialekin, sindikatuekin, elkarte soziokulturalekin, Egunkaria-ko langileekin.
‘Egunkaria auzi’-ko auzipetuak, aske geratu ziren momentuan.
Bizitako guztia gogoratzeak, ze sentimendu sorrarazten dizu?
Alde batetik, etsipena, ikusirik gure inpotentzia eta Estatuaren eta bere morroien inpunitatea; atsekabea ere bai, hedabide gehienen jarrera zentsuratzailea ikusita. Eta bestetik, armarik eta botikarik eraginkorrena elkartasuna, batasuna eta solidaritatea direla sinistea. Hauek gabe gureak egin du.
Egun aurre egin behar diozu gaixotasunari. Indartsu al zaude?
Bai, baietz uste dut . Ondo babestua eta lagundua nago: familia, lagunartea, euskaldun jendea. Neure aldetik ere ahal den guztia jarriko dut, noski. Gogoratu didate maratoilaria izana naizela, eta ez dut ahazteko, bide luze eta malkartsuetan eskarmentua badudala. Ez diot inori huts egin nahi. Ahalegin guztia egingo dut minbizia bizi minez gainditzeko.
Eta familiak? Zelan bizi du hau guztia?
Nigaz batera, elkarrekin, ahalik eta hobeen eramaten saiatuta. Naturaltasun osoz. Gainera, prozesu honetan, Egunkaria auzi osoan legez, ez nago bakarrik, eta nire familia ere ez. Familiak ere, nik legez, inguruaren maitasunaren beroa bizi du etengabe.