Oihalekin kalejira egin zuten Lekeition.
Oihalen bueltan elkartu dira asteburuan Lea-Artibai eta Mutrikuko bizilagunak. Apirilaren 25a Joste Eguna izendatu zuen Gure Esku Dagok, eta ekainaren 21ean herrialdeetako hiriburuetan osatuko diren hautestontziak egiteko erabiliko diren oihalak josten aritu ziren, jai giroan.
Tela zati bakoitza hogei pertsonen adierazgarri izango da. Beraz, bakoitzak bere tela zatitxoa erosi eta ideia, amets, desio edo aldarrikapenekin marraztu eta apaindu du. Guztien borondateak elkarrekin josi dituzte asteburuan, hautestontzi erraldoiak osatzeko.
Markina-Xemeinen egun osoko jaia prestatu zuten Markina-Xemein eta Ziortza-Bolibarko gure esku dagok borondateak josteko. Frontoi txikian eta plazabarripean ospatu zuten jaia. Eguerdian bazkaria eta jolasak eduki zituzten, eta arratsaldean josi zituzten oihalak, banaka, binaka edo taldeka. 200 lagun baino gehiago elkartu ziren eguerdian herri bazkarian, eta horrenbeste edo gehiago joste osteko kalejiran. 29 oihal osatuko dituzte Markina-Xemeinen.
Oihalak josten Markina-Xemeinen.
Oihalekin kalejira jendetsua egin zuten bai eta Lekeition ere. Plazako monolitoan bete eta josi zituzten oihalak, eta gero herri osoan zehar erakutsi zituzten, kalejiran. Materiala saldu, pintxoak dastatu eta musikagaz lagunduta egin zuten joste lana lekeitiarrek. 70 oihal beteta dituzte jada, eta gehiago betetzeko asmoa daukate.
Mutrikuarrek ere jai giroan ospatu zuten Joste Eguna zapatuan. Oso pozik daude lortu dituzten emaitzekin. “Merezi izan zuen. 800 atxikimendu lortzeko erronka ipini genuen, eta oso gutxi falta zaigu berau lortzeko”.
Joste Eguna, Mutrikun. Beheko plazan dantzan.
Jende askorek irten zuen kalera Mutrikun erabakitzeko eskubidearen alde; denek ere jaia dantzan amaitu zuten. “Beheko Plazan batzuk ailegatuta geunden, eta oraindik ere jendea Goiko Plazatik jendea ailegatzeko zegoen. Polita izan zen Erdiko kale guztia oihalez betea ikustea”.
Zapatuko Joste Eguna ekainaren 21ean Anoetan josiko den hautetsontzi erraldoia egiteko bultzada handia izan zela nabarmendu dute. “Jendea oihal gehiago eskatzen hasi zaigu”.
Etxebarrian, Ispasterren, Mendexan eta Aulestin ere borondateak josten ibili dira. Materiala saltzeagaz gain, orain arteko zatiak josi dituzte. Bazkaria eta dantzak izan zituzten Etxebarrian.
Ekainaren 21a
Oihalak hamarnaka josi eta Bilboraino eramango dituzte bizkaitarrek. Gipuzkoarrak, berriz, Donostiara joango dira.
Egun osoko jaiak egingo dira hiriburuetan. Bilboko San Mames futbol zelaia, Donostiako Anoeta estadioa, Iruñeko zezen plaza, Gasteizko Buesa Arena pabiloia eta Baiona (lekua zehaztu gabe dago) bete nahi ditu Gure Esku Dago dinamikak.
Herri borondatea elkartu eta erabakia ehuntzeko hautestontzi erraldoiak irudikatuko dira aurten bost hiruburutan. Iaz Durango eta Iruñea lotu zituen 150.000 laguneko giza katea eratu zen modura, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko beste pauso bat emango da aurten.