Garrek piztuta darraite Gernikan
Orain 78 urte Gernika-Lumon gertatu zena oroitzeko ekitaldiei leial mantendu eta bonbardaketaren urteurrena gogoan izan zuten domekan herritarrekGernika-Lumon garrek bizirik diraute, herritarren barrenean, eta euriak ere ezin izan ditu amatatu. Egurald...
Orain 78 urte Gernika-Lumon gertatu zena oroitzeko ekitaldiei leial mantendu eta bonbardaketaren urteurrena gogoan izan zuten domekan herritarrek
Gernika-Lumon garrek bizirik diraute, herritarren barrenean, eta euriak ere ezin izan ditu amatatu. Eguraldia lagun izan ez arren, jendetza atera zen domeka iluntzean kalera, bonbardaketaren urteurren egunean antzeztu behar zuten Gernika garretan ikustera. Doro Zobaranen gidaritzapean, 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren unea gogoratu zuten. Antzezle, kantari, dantzari… Guztira, 180 lagun inguruk parte hartu zuten herri antzezlanean. Aurten, gainera, bonbardaketaren biharamuna ere izan dute presente antzezlanean; 1937ko abuztuaren 5ean Derioko hilerrian fusilatu zituzten busturiarrak, kasurako.78 urte bete dira aurten, Francoren aginduz, Alemaniako eta Italiako hegazkin faxistek Gernika bonbardatu zutela. Ā«Bonbardaketak iraun zituen hiru ordu luzeetan, 31 tona bonba jaurti zituzten, eta mila hildako baino gehiago utzi zituztenĀ». Horrela laburbildu zuen Amaia Uribe kazetariak 1937ko apirilaren 26an Gernika-Lumon gertatutakoa, Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Gernika Sarien banaketa ekitaldian.
Gernika Sariak
Memoria eta historia berreskuratzearen beharraz aritu ziren domekan, egunean egin zituzten ekitaldi ezberdinetan. Baita gerrek eta gatazkek eragiten duten sufrimenduari buruz ere. Hango eta hemengo herritarrek pairatzen duten sufrimendu horrek gaur egun oraindik bizirik darrai, eta hori berori nabarmendu zuen Saharako parlamentuko presidente Jatri Aduh-k. Saharako Fronte Polisarioko idazkari orokor eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidente Mohamed Abdelazizek hartu behar zuen Gernika Saria jaso zuen berak, Gernika saridunak ezinezkoa izan baitzuen herenegun Gernika-Lumon egotea.
Abdelazizen berbak irakurri zituen Aduh-k, eta, besteak beste, sahararrak ere bonbardatuak izan direla aipatu zuen. Gogoan izan zuen, hain zuzen, Marokok Amgala bonbardatu zuenekoa. Era berean, Abdelazizegaz batera aurten Gernika Saria hartu duen Carlos Martin Beristainen lana ere eskertu zuten sahararrek.
Paco Etxeberria antrolopogoari laguntza eman zion Martin Beristainek 2014. urtean, Saharan hobi komunak aurkitu zituztenean. 1975ean Marokok sahararren kontra burututako genozidioaren biktimen gorpuzkiak aurkitu zituzten han.
Saharan eta munduko hainbat herrialdetako gatazketan bakearen alde egindako lana aitortu diote aurten Carlos Martin Beristain psikologia doktoreari. Horrek ere ezinezkoa izan zuen Gernika-Lumora etortzea. Kolonbian dago, hango bizilagunei eta herri hartako gatazkako biktima direnei laguntzen. Hori dela eta, bere emazte Kontxi Onaindiak hartu zuen saria.
Sirenak eta kanpaiak
Goizean, George Steer kazetari britaniarrari omenaldia eginez hasi zuten bonbardaketaren urteurrenaren eguna. Steerren seme eta ilobak ere parte hartu zuten ekitaldian, eta, beste behin ere, haien aita eta aitita izan zena gogoan izatea eskertu zuten
Egunak, baina, segida izan zuen arratsaldean. Kultura Batzordeak deituta, 4 minutu ekimenean parte hartu zuten gernikarrek duela 78 urte bonbak erortzen hasi ziren ordu berean, 15:45ean. Lau minutuko geldiunea eta isilunea egin zuten, 1937ko apirilaren 26 hartan gertatutakoaz hausnartzeko. Foruria familiak piztu du aurten erasoaren arriskuaren berri eman zuen sirena berbera. 1937ko apirilaren 26an Astrako langile zen Antonio Foruriak lantegiko sirena martxan jarri zuen, bonbardaketa arriskuaren berri emateko. 78 urte geroago, bere seme Jose Luisek hartu du sirena aktibatzeko lana.
Ostean, hildakoen omenez, hileta elizkizuna egin zuten Zallo hilerrian, 16:30ean. Bertan, urtero legez, lore eskaintza egin zuten. Besteak beste, Gernika-Lumoko Udaleko ordezkari politikoak, Jaurlaritzako, Aldundiko eta Batzar Nagusietakoak, Alemaniako Gobernukoak, Pforzheim, Berga edota Boise hirietakoak, Saharako parlamentukoak, Gernika Gogoratuzekoak, Gernikazarra Historia Taldekoak, Bakearen Museokoak, Gernikako ospitale militarrean hildakoen senideak, bonbardaketan hildakoen senideak, bonbardaketa bizi izan zutenak eta hainbat herritar egon ziren hilerrian.
Eta, hildakoen omenez baita, manifestazio isila egin zuten gauean, kandelak piztuta. Gernika Batzordeak deituta, bonbardaketan hildakoak gogoan izan zituzten, kaleetan barrena.