2014ko ekitaldia «positiboan» zarratu du Bermeoko Udalak
19 milioiko sarrerak izan zituzten eta 16,2 milioiko aurrekontua aurreikusi zuten. Udalaren egoera ekonomikoa «asko hobetu» dela azaldu du alkateakIkuspuntu ekonomikoa eta finantzarioa kontuan izanik, 2014. urteko ekitaldia «positiboa» izan dela na...
19 milioiko sarrerak izan zituzten eta 16,2 milioiko aurrekontua aurreikusi zuten. Udalaren egoera ekonomikoa «asko hobetu» dela azaldu du alkateak
Ikuspuntu ekonomikoa eta finantzarioa kontuan izanik, 2014. urteko ekitaldia «positiboa» izan dela nabarmendu du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek. 2014rako udalaren aurrekontua 16,2 milioi eurokoa izatea aurreikusi zuten. Hala ere, udalak 19 milioiko sarrerak izan zituela adierazi du alkateak, eta horietatik, 17,2 milioi gastatu zituztela jakinarazi du.Udalaren zein erakunde autonomoen aurrekontuaren eta diruzaintzako gerakinaren emaitza, beraz, «positiboa» izan dela esan du Bidegurenek. «Zuhurtziaz» jokatu izanaren emaitzak direla adierazi du.
Era berean, udalaren egoera ekonomikoa «asko hobetu» dela diote: «2011an itxitako ekitaldian, 389.900 euroko zorra zegoen hornitzaileekin; 2014a, berriz, 7.055 euroko zorrarekin zarratu da. Horrez gain, 2011n 5,3 milioi euro zeuden ordaintzeko, eta aurtengo martxoaren 31ko datuei erreparatuta, 72.000 euro geratzen dira ordaintzeko». Azken urteetan, gainera, ordainketa epeak ere «asko hobetu» direla aipatu dute, «%50era jaitsi da egun kopurua». Hortaz, alkatearen arabera, «aurreko urteetako zor gehienak ordaintzea ahalbideratu dute, diruzaintzako egoera hobetu da, eta ondorioz, ordainketa epeak asko hobetzea eta erakunde autonomoen ekarpenak hilero egitea lortu da».
Inbertsioetarako gehiago
Udaleko langileekin zerbitzuak ematen saiatu direla azaldu du alkateak; hortaz, azpikontratazio erlatiboak ere gutxitu direla dio. Bestalde, inbertsioetarako erabiltzen den aurrezki garbiak gora egin du nabarmen: 2010 eko -13,70etik, 2014ko %8ra, hain zuzen. Alabaina, datu hori, «haz dadin» saiatuko direla diote. 2015eko aurrekontuan 400.000 euro aurreikusi dituzte inbertsioetarako.
Biztanleko dagoen finantza karga ere jaitsi egin da, «72,72 eurokoa zen 2011n, eta 2014an 50,82 eurokoa».
Datu ekonomiko horiek «ahalegin handiak» eginda lortu dituztela esan du Bidegurenek, «aurreikuspenetan, gastuaren kontrolean eta kobrantzan zorroztasuna izan da nagusi». 2011. urtean hainbat zor (Lamera, Busturialdeko Ur Partzuergoa, Almikako lanak, Visesa, Alde Zaharreko diru laguntzak, San Martineko etxebizitzen auzia) izabn zituztn; hori dela eta, legealdi «zaila» izan dela aipatu du, «gauza asko egiteko oztopoa izan delako». Hala ere, horien kudeaketaren ondorioz, hornitzaileek, banketxeek eta erakunde publikoek udalarengan duten konfiantza maila «handitzea» lortu dutela esan du.
Hurrengo agintaldiari begira, diru sarrerak ez dira askorik handitu, eta, orandik ere, udalak 9,5 milio euroko mailegua ordaindu behar duelaa gogorarazi du alkateak. Hala ere, aurreko urteetako zorren «zama handia» kenduta, «baikor» direla adierazi du Bidegurenek.
«Proiektu falta» izkutatu
Bermeoko Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) arabera, udal gobernuak modu «triunfalista» batean eman du iazko aurrekontuen eta udalaren egungo egoera ekonomikoaren berri: «Orain lau urte kaos ekonomiko egoera dekretatu zuen». Jeltzaleek diotenez, herritarrak alarman jartzea zen helburua. «Herriko giroa garraztuz eta politikagintzaren izen ona galarazita, interes publikoa alde batera utzita, interes pribatuen aldeko jokabideak aurrera eroan dituzte», diote. Eta, egoera «zaila» oinarri hartuta, helburu bakarra izan dutela: «Proiektu falta izkutatzea eta kudeaketarako gaitasun eza disimulatzea. Zenbait egitasmo eta proposamen bertan behera geratu dira zorren aitzakia jarrita».
«2011an aurkitutako kaosa amaitu da? iluntasuna argitu da? Non geratu da herria eta herritarrenganako kudeaketa eta politikagintzaren baloreak?», galdegin dute EAJkoek.