800 sinadura bildu dituzte jada portuko gasolindegiaren aurka
Azken hilabeteetan espekulazio eta zurrumurruak sortu dira Elantxobeko portuan ustez ipini gura duten gasolindegiaren inguruan. «Udalak ez du horren inguruko informazio ofizialik; guri inork ez digu ezer jakinarazi, inor ez da gugaz harremanetan jarri...
Kanpotik entzun dutena baino ez dakite. Baina, auzia ahoz aho dabil herrian azkenaldian. Eta zenbait bizilagunek sinadura bilketa hasi dute change.org Interneteko helbidean.
Eusko Jaurlaritzari gasolindegia jartzen ez uzteko eskatzen diete, hau da, proiektuaren aurkako jarrera hartzeko. Hain zuzen, 800 bat sinadura batu dituzte dagoeneko. 1.000 sinadura biltzea dute helburu, eta horiek lortzean portu departamentuari bidaliko diete eskaria.
Udalak ez du ez aldeko ez kontrako jarrerarik hartu, momentuz ez dutelako inongo jakinarazpenik, dena zurrumurrua baino ez delako.
Baina, printzipioz ez dute beharrizanik ikusten. Hala, zabaldu dena egia izanez gero, udalari informaziorik ez ematea ez du ulertzen alkateak: «Portuan edozer lan egin behar badute udalaren baimena behar dute, portua Elantxoberena da eta».
Beste alde batetik, gasolindegia Tinglauko moilan kokatuko dutela entzun dute herritarrek, eta Olagibelen ustez, hori ez da leku aproposa. Izan ere, kamioia pasatzeko han aparkatzen dituzten autoak kendu egin beharko lirateke.
Etxeak oso hurbil daude, eta udan ingurua jendez betetzen denez, istripuren bat gertatuz gero, arriskutsua dela uste dute. «Errentagarria izango den ere ez dakigu, ezta zein segurtasun neurri hartuko diren ere».
Auzia Legebiltzarrean
Polemikaren berri izan ostean, aurreko astean EH Bilduk idatziz erantzuteko galderak helarazi zizkion Ana Oregi Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuari. Hark hogei laneguneko epea dauka galderei erantzuteko.
Besteak beste, zabaldu den zurrumurrua egia den ala ez galdetu diete, eta zergatik ez zaion Udalari jakinarazi. Halaber, galdetu diete erabakia non hartu den, zein asmo duten, zein prozedura jarraitu behar den, zein erabilpen izango duen, martxan noizko egongo den edota proiektua zein fasetan dagoen.