Langileen eskubideen aldarrikapen eguna bilakatu nahi dute aurten ere Maiatzaren Lehena. LAB sindikatuaren esanetan, Maiatzaren 1ean zer
ospatzerik ez dago. Langileek bizi duten krisi ekonomikoa salatu du sindikatu abertzaleak.
ELA sindikatuak ere kalera ateratzeko deia egin die bere militanteei. Bai sindikatu batentzat zein bestearentzat, langile izateaz harro egoteko eguna da Maiatzaren Lehena.
Maiatzaren 1eko manifestazioa, Lekeition
«Hauteskunde kanpaina bete-betean den honetan, politiko denen ahotik entzun behar dugu krisi egoerak hobera egin duela. Baina LAB sindikatuak argi utzi nahi du krisi ekonomikoa ez dagoela gaindituta. Langileentzat egoerak okerrera egin du», esan du LAB sindikatuko ordezkari Aitziber Barandikak. Haren hitzetan, krisia ezin daiteke neurtu bakarrik enpresa handiek edo kapitalak dituen erekinekin.
Hala,euskal herritarrek gaur egun oraindik bizi duten egoera izan du gogoan LABeko ordezkariak: «Gero eta okerrago bizi gara, pobrezia zabaltzen ari da, eta lan harremanak guztiz desregularizatuta daude».
LABen arabera, langileentzat egoerak okerrera egin du; krisi ekonomikoa ez dagoela gaindituta diote. “Gero eta okerrago bizi gara, pobrezia zabaltzen ari da, eta lan harremanak guztiz desregularizatuta daude”
Kapitalaren interesetara
Sindikatuak dio instituzioek bideratzen dituzten zerbitzu publikoak eta babes soziala gero eta murritzagoak direla; horrek herritarrei dakarzkien ondorioekin.
ELA sindikatua ere egun herritarrek eta langileek bizi duten egoera salatu du. Sindikatu horren ustez, ezinbestekoa da aztertzea gobernuak eta instituzioak kapitalaren nahiekin nola «ezkontzen» diren. «Kapitalaren interesak politikan ondo ordezkatuta daude, eta, bitartean, kapitala gu pobretuz gozatzen ari da». Haren nahi bakarra, ELAren iritziz, diru gehiago pilatzea da, eta, bide horretan, desberdintasuna handituz doala kritikatu du.
ELAk herritarrek eta langileek bizi duten egoera salatu nahi izan du. Sindikatuaren esanetan, ezinbestekoa da aztertzea gobernuak eta instituzioak kapitalaren nahiekin nola “ezkontzen” diren
Bestelako politikak
Maiatzaren Lehenaren harira, herritar eta langileen bizi baldintzak aipatu ditu ELA sindikatuak ere, eta, besteak beste, babes eza kritikatu du, eta gobernuek pertsona ahulenen babeserako tresnen aurka egin dutela salatu du: «Negoziazio kolektiboaren, fiskalitate progresiboaren, zerbitzu eta prestazio publikoen, demokraziaren edota parte hartze sozialaren aurka, besteak beste». Haien helburu nagusia prekarietate laborala eta soziala bultzatzea dela dio ELAk.
Hori dela eta, bai ELAk bai eta LABek ere, bat egiten dute instituzioek bestelako politika batzuen alde egin beharko luketela esatean.
Lau hamarkada lanean
Gainera, LAB sindikatua sortu zutenetik 40 urte beteko dira 2015ean. Lau hamarkada horietaz harro daudela esan du Barandikak. Hala ere, isntituzioek ez ezik, sindikatuek ere eredu berri bat beharko luketela esan du. «Orain arteko sindikalgintzak lan emankorra eman badu ere, birpentsatu beharko genuke Euskal Herrian zein motako sindikalgintza behar dugun». Hala, eskaintza hori egin die LABek Euskal Herriko langileei. «Denon artean erabaki beharko genuke zein motako sindikalgintza behar duen Euskal Herriak».
Barandikak zehaztu duenez, hausnarketa egiten hasita daude LABeko kideak, eta ekintza sindikalean aurrerapausoak eman nahi dituzte, sindikalgintza eredu berri baterantz jo asmoz.
Eskualde mailako mobilizazioak egingo ditu LABek
Maiatzaren Lehena Lea-Artibain eta Debabarrenean ere izango dute gogoan. LAB sindikatuak deituta,
eskualde mailako manifestazioak egingo dituzte.
Langileok borrokan. Euskal Herria aldaketa bidean leloa hautatu dute biharko.
Lea-Artibaiko langileak Lekeition batu nahi ditu LAB sindikatuak. Eskolapetik 12:30ean aterako da han manifestazioa, eta, hara heltzeko auto karabanak aterako dira Lea-Artibaiko hainbat herritatik. Munitibartik, esaterako, 11:30ean aterako dira autoak. Ondarroatik eta Markina-Xemeindik, aldiz, 11:00etan.
Lea-Artibaiko langileak Lekeition egingo dute eskualde mailako manifestazioa; hara heltzeko auto karabanak egingo dira. Mutrikuarrei Eibarreko manifestaziora joateko dei egin zaie (12:00etan aterako da manifestazioa, Untzagatik).
Mutrikuarrei, bestalde, Eibarrera joateko deia egin die sindikatuak. 12:00etan aterako da manifestazioa, eta 13:00etan egingo dute ekitaldi politikoa. Ostean, 15:00etan, herri bazkaria egingo dute Untzagan.
Ondarroan ere egingo dute herri bazkaria, 14:30ean, Gaztetxean. Eta bazkalosterako, kantaldia antolatu dute ondarrutarrek; 17:00etan hasiko da. Gauean, kontzertuak izango dira, Gaztetxean bertan. 22:30ean hasita,
El baston de la vieja eta
Pornox taldeek joko dute.
ELA sindikatuak, berriz,
Bilbora joateko deia egin die langileei. 11:45ean hasiko da mitina, Bilboko Jesusen Bihotzaren plazan, eta ELAko idazkari nagusi Txiki Muñozek hitz egingo du. Ostean, manifestazioan joango dita Kale Nagusitik behera, Plaza Biribileraino. Areatzan bazkalduko dute.