12 segundugatik, Amets Txurrukak ezin izan du orain bi urte lortu zuen garaipena berretsi. Etxebarriko txirrindulariak
Asturiasko 58. Itzulian ondo baino hobeto egin ditu bere lanak, baina
Movistar taldeko Igor Antonek lortu du txapela.
Bi etapetan banatuta jokatu da lasterketa, eta bietan bigarren amaitu du
Caja Rural-Seguros RGA taldeko txirrundulariak. Bigarren postuagaz konforme geratu dela azpimarratu du. “Pozik nago lortutako emaitzagaz. Lasterketa bat egiten duzun bakoitzean berau irabazi nahi izaten da beti, baina oraingo honetan ezin izan da. Bi etapetan bigarren amaitu dut, eta sailkapen nagusian bigarren amaitzea ez da batere marka txarra”.
Amets Txurruka Asturiasko itzulian parte hartzen. Argazkia: Luisma Murias
Asturiasko itzuliak “oroitzapen onak” ekartzen dizkio Etxebarrikoari, baina aurten “gogorra” izan dela nabarmendu du. “Aurten bi etapak gogorrak izan dira. Egia esan, niri ondo datorkidan itzulia da. Mendate asko daude ibilbidean, eta aldapa goretan nahikoa ondo moldatzen naiz”.
Metro gutxigatik
Zapatuan [maiatzak 2], jokatu zen lehen etapan Txurrukari metro gutxigatik ihes egin zion lehen postuak. Oviedon (Asturias, Espainia) hasi eta Pola de Lenara (Asturias, Espainia) ailegatu bitartean, 149,5 kilometro egin behar izan zituzten parte hartzaileek.
Metro gutxigatik, bigarren amaitu zuen. Azken malda jaitsieran Txurruka eta Igor Anton azkar jaitsi ziren, baina galdakaoztarra azkarragoa izan zen. Etxebarriakoa 14 segundo beranduago helmugaratu zen. “Lehen etapa irabazteko gogor aritu nintzen, baina metro batzugatik ezin izan zuen Anton harrapatu”.
Amets Txurruka (bigarren) Asturiasko itzulian parte hartzen. Argazkia: Luisma Murias
Domekan [maiatzak 3] jokatu zen bigarren etapan ere, “zorte txarra” izan zuen. Soto de Ribera (Asturias, Espainia) eta Oviedo (Asturias, Espainia) artean 176 kilometroko ibilbidea bete behar izan zuten. Esprintean erabaki zen itzuliko azken etapa. Movistar taldeko Jesus Herradagaz batera sartu bazen ere, buruz burukoan Herrada aurretik sartu zen. “Pena izan da lehen ezin bukatzea. Aurkaria gogorrago ibili da, eta hori ere txalotzekoa da”.
Datorren asteburuan Madrilen egingo den itzulian parte hartzeko asmoa du Txurrukak eta hara begira ondo ikusten du bere burua.