Maiatzaren 10era arte, zabalik dago
Askatasuneko binetak deritzon komikien erakusketa. Ondarroako Luterl taldeak antolatutako eta Tiza elkarteak lagundutako erakusketan Iruñeako kartzelako hainbat presoren beharrak daude ikusgai. Erakusketa ikusi nahi duenak honako orduetan izango du zabalik: astelehenetik barikura, 18:30etik 21:00etara; astebukaeran, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara.
Azken erakusketa Ondarroan presoek egindako beharren inguruko seigarren erakusketa da. Aurrekoetan beste diziplina batzuetako beharrak ikusi ahal izan dira: margolanak eta eskulturak, esaterako.
Luterl taldeak martxan duen erakusketa
Askatasuna eta maitasuna gai nagusi direlarik, denetara, 11 presoren artean burutako bederatzi komiki ikusi ahal izango ditu Ondarroako udal erakusketara hurrretzen denak. Presoek sortutako istorioek kartzela barrutik jendartearen inguruaren duten ikuspuntua eskaintzen dute. “Erakusketa xumea baldin bada ere, presoek egindako lan ederrak erakustera ematen ditu. Forma aldetik gauza politak lortu dituzte”, azaldu dute erakusketaren antolatzaileek.
Proiektua lehen aldiz 2014ko irailean eman zen ezagutara Nafarroako V. Komiki Azokan. Berorren bultzatzailea TIZA (Nafarroako Komiki Sustapenerako elkartea) izan zen.
Zubi lana
Presoekin komikiak sortzeko ideia 2014ko ekainean sortu zen.
Mikel Santos Belatz marrazkilari nafarrak “presoen jarduera sortzaileari laguntzeko eta beraien autoestimua indartzeko” komiki tailerra egin zuen kartzelan bertan. Komikigintza ardatz hartuta, proiektuagaz jendartea eta Iruñeako espetxeko presoen artean zubiak eraiki nahi izan dira.
Luterl taldearen erakusketa
Era berean, Belatzek kartzelan eskainitako komiki tailerra nola bizi izan zuen kontatzen du lau orrialdetako komikia ere ikusgai dago aretoaren beste aldean. Irudien bidez, presoekin batera bizi izandako harremana eta esperientzia nolakoak izan ziren kontatu du Santosek.
Bestalde, Luterl Taldeak ekimenen berri ematen duen Globhito berripaperaren 26. zenbakia ere eskura daiteke erakusketan bertan.