Momentu honetan udalean daudenei eskerrak emanez hasi zuen hauteskunde kanpaina hasierako agerraldia Andoni Seijo Arrinda Lekeitioko EH Bilduren alkategaiak. Aurreko zortzi urteetan milaka euskaldunek ezin izan zutela hautagai izan gogora ekarri zuen, eta talde horrek bere bizi proiektua albo batera itxi eta udal ardura euren gain hartu zutela azpimarratu zuen. “Kultura politiko ezberdinetako jendea alkartu eta beharra batera egitea lortu dute”, nabarmendu zuen, elkar lan hori luzerako izango dela azpimarratuz.

Andoni Seijo Lekeitioko EH Bilduren alkategaia hauteskunde kanpainako agerraldian.
Seijok esan zuenez, “duda barik, 2011 urteak ikaragarrizko garrantzia du Euskal Herri osoan benetako eraldaketa sozial politiko sakona eman zelako”. Aldaketa hori baina, ez da partido batek beste bat ordezkatzea. Eraldaketa askoz sakonagoa dela azaldu zuen. “Eta EH Bildu da horretarako aukera bakarra”.
Azken agintaldi aurreko zortzi urteetan, parte hartzeari zer eskaintzen zitzaion ere gogora ekarri zuen EH Bilduren hautagaiak. “Batzordeak eta osoko bilkurak goizez izaten ziren, eta udaletxeak bunker itxura zeukan”. Alderantziz, azken agintaldian, osoko bilkurak eta batzordeen bilerak arratsaldez egin direla aitatu zuen, eta parte hartze batzorde bat ere sortu dela.
Udalak zor handia zuela ere gogorarazi zuen, 5 milioi eurokoa, eta azken agintaldian, zorra murriztu eta “benetan herritarrek behar zituzten egitasmoak” gauzatu dituztela azaldu zuen. “Handikeriazko proiektuak albo batera utzita”. Gastuak jeitsi eta diru xahuketa eten dela aitatu zuen.
Beste bide bat
“Lekeition asko egin da azken agintaldian, baina beste bide batetik, eredu inposatzaileen kontrako bidetik”, azpimarratu zuen Andoni Seijok. Herritarren benetako premiak ganoraz aztertu eta aurrera eraman direla esan zuen. Egindakoen artean, Abaroa proiektua aitatu zuen. “Abaroa, interes pribatuetan jausteko arriskuan egon zen, eta arrisku hori moztu eta Abaroa herritarren gozamenerako daukagu”. Gainera, ia-ia kostu gabe. Izan ere, kontrako norabide horretako logikaren baitan, auzolana sustatu eta bultzatu dutelako. “Talde bat dabil eta ibili da lanean, musutruk”, esan zuen, eta aurrerantzean ere, kultura horren norabidean sakonduko dutela zehaztu zuen.
Aurrera begirako beste erronka bat HAPO-a (Herri Antolaketarako Plan Orokorra) izango dela jakitera eman zuen. “Plan horren bitartez Lekeitio diseinatu behar dugu eta herritar norbanako bakoitzak badugu zeresan, badaukagu zeregin”.
Gastu sozialaz eta inbertsioaz ere hitz egin zuen Seijok. Gastu soziala eta inbertsioa ez doazela kontrako norabidean esan zuen.
“Gastu soziala deitzen den hori ez da gastua, inbertsioa da. Herritar gehiagoren ongizatea inbertsio garrantzitsua da, behar sozialak, inbertsioak dira”.
Udala erakunde politiko bat dela onartu zuen EH Bilduren alkategaiak. “Politiko guztiak baina, ez gara berdinak”, esan zuen. “Zelan izango gara berdinak atxilotu dituzten gazte independentistak, Arnaldo Otegi, Barcenas edo REPSOLeko lehendakari ohia”, zehaztu zuen.
Bestalde, estatu independiente bat sortu nahi dutela azaldu zuen. “Euskal Herriko zazpi lurraldeekin batera, eta horretara goaz”.
Andoni Seijoren esanetan, borroka instituzionala ez da bide bakarra hori guztia lortzeko. “Herri mugimenduak, herri ekimenak, akuilu izan behar dute”.

Lekeitiar asko bildu ziren EH Bilduk Eskolapean egin zuen hauteskunde kanpaina hasierako mitina entzuteko.
Ildo horreri, “gogoz eta ilusioz beteta” ekiten diona, zalantza barik, EH Bildu dela azpimarratu zuen. “Eraldaketarako berme bakarra mugimendu hau da: EH Bildu”.
Lagunartean
Udalean alboan izango dituen hautagaiekin batera igo zen oholtza gainera EH Bilduren alkategaia. Aurkezpenik egin beharrik ere ez dagoela esan zuen. “Herritarrak gara eta denok ezagutzen gaituzue”.
Lekeitiorako aurkeztu den taldeagaz gain, ekitaldian egon zen bai eta ere Joseba Gezuraga Batzar nagusietarako hautagaia. Azken hamarkadetan Bizkaia, elite batzuen interesen arabera eraiki dela azpimarratu zuen. “Sarritan enpresa handienen mesedetan eta etekin sozial gabeko azpiegitura erraldoietan. BEC edo Supersur, erabiltzen ez den autopista hori izan dira herrialdean egin diren inbertsiorik handienak”. Bestalde, herritarren mesederako benetako politika fiskal bat ez dela egon esan zuen.

Joseba Gezuraga Batzar nagusietarako hautagaia, Lekeitioko agerraldian.
“EH Bilduk argi dauka ez dela nahikoa esatea erabaki politikoak herritarrentzako hartu behar direla, ez, herritarrekin hartu behar dira. Guk herritarrok hartu behar ditugu erabakiak. Bakoitzak eta guztiok. Erabakitzeko eskubidea dugu, eta guztia erabaki nahi dugu ahal den guztia hobetzeko- Eta horretarako, bagoaz Bizkaitik ere Euskal Bidea egitera”.