Zapatuan [maiatzak 16] Euskal Herriko txirrindu saria jokatuko da Mutrikun. Igorritako datuen arabera, 80 txirrindularik baino gehiagok parte hartuko dute 33. Atxukale sarian. Mutrikuko Udalak antolatutako eta Atxukale Txirrindulari Taldeak lagundutako lasterketan, Gipuzkoa osotik etorritako txirrindulariek parte hartuko dutela espero da.
Aurten, berritasun modura, «arazo ezberdinengatik» lasterketa eguna aurreratzea erabaki dute. Hortaz, domekan [maiatzak 17] jokatu ordez, zapatuan izango da.
Lasterketa 16:00etan hasiko da eta helmugara heldu bitartean, eskualdeko errepideetan zehar 87 kilometroko ibilbidea bete beharko dute txirrindulari gazteek.
2014ko Atxukale sariko irabazlea helmugan sartzen
Ibilbideari dagokionez, iazkoaren antzerakoa izango da. Mutrikutik hasi, eta Deba alderantz hasiko da ibilbidea. Handik Soraluze alderantz joango dira; tartean, Mendarotik, Altzolatik eta Elgoibarretik igaro beharko dutelarik. Behin Soraluzera helduta, Mutrikuranzko bueltan hasiko dira txirrindulariak. Lasterketaren azken kilometroetan Deba eta Mutriku artean bina buelta emango dituzte. Helmugara heldu bitartean, Galbaixo gainetik bi aldiz pasako dira, eta azkarrenek mendiko sarirako puntuak lortuko dituzte.
Antolatzaileen arabera, lehen sailkatuak 18:10ak aldera sartuko dira Astigarrabia kalean jarritako helmugan. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, hainbat bide mozketa egingo dira, eta inguru horietatik igaro beharko duten gidariei «pazientzia» eskatzen zaie.
Behin lasterketa amaituta, sari banaketa egingo da Goiko Plazan. Era berean, aurtengo omenduei omenaldi xumea eskainiko zaie sari banaketa amaitu eta gero. Atxukale Txirrindu Taldearekin lotura estua duten Anizeto Urangak eta Fermin Osinaldek publikoaren esker ona jasotzeko aukera izango dute.
Atxukale saria, ibilbidea