EH Bilduk atzo [maiatzak 12] mitina eman zuen Ondarroako Alamedan. Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkideak eta udalera aurkeztuko diren zerrendako kideek egin zuten ekitaldira jende asko hurreratu zen.
Ugarteburu izan zen hitza hartzen lehenengoa. Haren esanetan, “pertsonak erdian ipiniko dituen politika eredua” egingo du EH Bilduk. “Erabakiak pertsonak erdigunean daudela hartuko ditugu. Politikari eta demokraziari bere benetako zentzua eman nahi diogu, baina, beti ere, herritarrekin batera. Horretarako berme politiko bakarra EH Bildu da”.
Maribi Ugarteburu Alamedako mitinean
Era berean, Bizkaiak aldaketa politikoa behar duela ere nabarmendu zuen, eta horretarako, hurrengo hauteskundeak “klabeak” izango direla aitortu zuen Ugarteburuk. “Bizkaian EAJ-k aberatsentzat gobernatzen du, eta hori amaitu egin behar da. EH Bilduk biztanle guztien onura nahi du”.
Ostean, udal hauteskundeetara aurkeztu den taldeko kideek agerpena egin zuten banan-banan Alamedako oholtza gainean. Ekitaldira hurreratutako herritarrek txalo artean hartu zituzten denak. Josu Arrizabalaga alkategaiak sarrera egin ondoren, Argia Ituarte egungo alkateari eman zion hitza.
Argia Ituarte egungo alkatea
Azken lau urteotan herritarrekin batera “udal politika garatzen” ahalegindu direla azpimarratu zuen Ituartek. “Guk egin dugu gure beharra. Gauzak ahalik eta hobetoen egiten ahalegindu gara, eta orain, Josuri eta bere taldeari tokatzen zaio guk egindako lanari jarraipena ematea”.
Ituartearen eskutik lekukoa jaso eta gero, Arrizabalaga alkategaiak “zerotik” ez direla hasiko aipatu zuen, eta aurreko agintaldian egon den taldeak “behar handia eginda eta bidea zabalduta” utzi diela nabarmendu zuen.
Josu Arrizabalaga, mitinean
Erronka handiak lortzeko dituztela adierazi zuen Arrizabalagak, eta proposatu dituzten 123 neurriekin herri justu eta solidarioago bat lortzen ahalegindu direla azpimarratu zuen. Hori guztia lortzeko, ordea, herritarren inplikazioa eta bultzada “beharrezkoa” direla aitortu zuen. “8.000 metroko mendietan ibiltzen direnek sherpak eramaten dituzte. Sherpa barik inor ez litzateke gora ailegatuko. Eta guk ere sherpak behar ditugu, gure sherpak zuek izan behar zarete”.
Ekitaldia zapatuan [maiatzak 16] grabatu nahi den flashmobean parte hartzeko gonbiteagaz amaitu zuten.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.