Serrats enpresak jasoko du Hegaluze Saria, 125. urteurrenean
Epaimahaiak Bermeoko kontserberaren lana eta ibilbidea goraipatu gura izan ditu. 21. Arrain Azokaren baitan jasoko dute saria, barikuanAsteburuan ospatuko den 21. Arrain Azokaren baitan jasoko du Serrats enpresak XIX. Hegaluze Saria. Epaimahaiaren arab...
Epaimahaiak Bermeoko kontserberaren lana eta ibilbidea goraipatu gura izan ditu. 21. Arrain Azokaren baitan jasoko dute saria, barikuan
Asteburuan ospatuko den 21. Arrain Azokaren baitan jasoko du Serrats enpresak XIX. Hegaluze Saria. Epaimahaiaren arabera, sari horren bitartez «Serrats enpresaren lana eta ibilbidea aitortu gura da, hau baita Arrain Azokaren helburuetariko bat, Bermeoko kontserba industriaren ahaleginak aitortzea eta goraipatzea». Horrez gain, Arrain Azokako elkarteko kideek osatzen duten epaimahaiak Serrats enpresak Bermeoren alde egindako apustua ere baloratu du.Kontserba enpresa horrek 1980an sortu zuen lehen fabrika Bermeoko portutik 100 metrora. Egun, berriz, Landabaso industriagunean daude kokatuta. Enpresaren buru Serrats familiako bosgarren belaunaldia dago.
Era berean, epaimahaiak Bermeok urteetan kalitate bikaineko produktuak egiten dituzten kontserba enpresak dituela gogorarazi gura izan du, eta aurten, Serratsek 125 urte betetzen dituela eta, Hegaluze Sariarekin «bere ibilbidea eta egoera berrietara egokitzeko gaitasuna» aitortu gura izan dio. Serratsek izan duen «esportazio grinaren» ondorioz, gainera, Bermeoko produktuak leku askotan zabaldu ditu. Hala, Bermeoko herriaren izena zabaldu du «kalitatezko produktuekin».
Barikuan jasoko dute Serrats enpresako ordezkariek Hegaluze Saria, 12:30ean, Nestor Basterretxe aretoan egingo den ekitaldian. Ondoren, 13:00etan, urtero egin modura, hasiera ofiziala emango diote, domekara bitartean izango den Arrain Azokari.
Umeak protagonista
Arrainari gustua hartzen lelopean ospatuko da aurtengo Arrain Azoka, izan ere, umeen artean arrainaren kontsumoa bultzatzea da aurtengo helburuetako bat. Hala, beste hainbat jardueren artean, Familian sukaldaritza zuzenean ekimenaz gozatu ahalko da asteburuan azokaren baitan izango den gune didaktikoan. Arraina «modu gozoan eta erakargarrian» zelan prestatu daitekeen erakutsiko diete bertaratzen diren familiei Lanbide Hastapeneko ikasleek. Sukaldea, gainera, familiakoen arteko hartu-emanak indartzeko gune bilakatu daitekeela uste dute.
Arrain Azoka, bestalde, bertoko produktuen, ohituren, kulturaren eta tradizioen «erakusleiho aparta» izango dela esan zuen azokaren aurkezpenean Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek: «Bertaratutakoek kalitatezko produktuak eskuratzeaz gain, itsas eta arrantza mundua ezagutzeko aukera paregabea izango dute». Hain zuzen ere, hogei erakustokitan enpresek eta erakunde ezberdinek euren produktuak salgai, dastagai eta erakusgai izango dituzte, bisitarien gozamenerako.
Itsas ondarearen berri
Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian San Juan baleontzia eraikitzen ari diren arotzak ere Arrain Azokan izango dira. Hain zuzen ere, baleontziko pieza bat eskuz lantzen ibiliko dira asteburuan, XVI. mendean egiten zen modura, opatxurra eta esku-zerra erabilita.
Era berean, Mater itsasontziaren bisita izango du Bermeok. Kofradi Zaharraren aurrean bisitatu ahalko da bertoko itsas ondarea ezagutzeko aukera ematen duen ontzia.
Azokaren egitarauaren baitan gustu eta adin guztietarako jarduerak egongo dira aukeran, guztiak jai giro «ezin hobean».
Bermeoko Arrain Azoka «erreferentea» dela gogorarazita, herriarentzat duen garrantzia nabarmendu du alkateak: «Euskal Herrian mota honetako lehenengo azoka izan zen».