Pilotariak, pilota eskolak, iparralde eta hegoaldeko pilota ordezkariak, jokalarien gurasoak eta Euskal Pilota Federazioko arduradunak elkartu eta agerraldia egingo dute zapatuan, maiatzak 16, Uni frontoian, zesta-puntaren egoera larria eta diru publikoaren erabilera okerra agerian uzteko. 11:30ean jarri dute hitzordua, eta frontoia bete egin nahi dute egoera aldatzea eskatzeko.
Bizkaiko zesta-punta zirkuituko partida Markina-Xemeingo Uni frontoian.
Ia bi urte betetzera doaz, zesta-puntagaz erlazio zuzena duten agenteek, Gernika-Lumon Zesta Puntaren egoeraren inguruan hausnartzeko foro bat antolatu zutenetik. Bertan zesta-punta elkarte, federazio, pilotari profesional zein afizionatuak hartu zuten parte, tartean Markina-Xemein eta Mutrikuko zesta-punta eskoletako ordezkariak. Foro haretan bi ondorio garbi atera zituzten: Zesta Punta indartu eta dagokion lekuan ipiniko zuen proiektu estrategiko baten beharra, elkarteen gehiengoaren adostasunagaz, eta proiektu horren lidergoa Euskadiko Pilota Federazioak eramatea.
Bi urte hauetan, Zesta Punta elkarteek federazioarekin elkarlanean jarraitu dute eta hainbat eta hainbat bilera osotu dituzte, hala nola aurreko udan antolatutako zirkuito profesionala . Zesta Punta elkarteen gehiengoak hartzen dute parte bertan, Iparralde zein Hegolde bat eginda daude. «Zesta Punta maite dugulako eta, gure ustez, azken aukera delako», nabarmendu dute. Pilotari afizionatuak ere bat datoz proiektuagaz, bai eta profesional ugari ere. «Eta bilerek ez dute etenik izan. Lanean jarraitu dugu, Munduko Pilota Batzarrarekin topo egin arte», azaldu dute.
Ezadostasunak
Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendari Jon Redondori proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkioten, euren asmoen berri emanez. «Munduko Pilota Batzarrak diru publikoa nola kudeatzen zuen eta duen argi utzi zitzaion, interes partikularrak agerikoak zirela, ez duela Zesta Puntaren alde egiten», esan dute. Baina, azkenean, Euskadiko Federazioari, Munduko Pilota Batzarreko bileretara sarrera ere ukatu zitzaiola jakitera eman dute, «berau izanda entearen sortzailea». Euskadiko pilota federazioak epaitegietara eraman du gaia.
Pilota partida jokatzen Markina-Xemeingo Uni frontoian.
Tarteko irtenbide bat bilatu nahian, beste hainbat bilera ere egin dituzte Gernika Jai Alai Events enpresa, Munduko Pilota Batzarra eta Euskadiko Federazioaren artean. Horrek ere kale egin zuen, bertan planteatutako irtenbidea ez bait zen egokia zesta-punta elkarteen iritziz. «Urteetan zesta-puntari kalte besterik ez dioten pertsonak bertan jarraitzea ondorioztatzen zuen akordioak, gure printzipioei uko egitea, eta ez gaude horretarako prest», esan dute. Zesta Puntak irtenbide garbi eta zuzen bat behar duela diote. «Zesta Punta ez dago salgai».
Protestak
Ezusteko ikaragarria izan dute azken asteetan. «Munduko Pilota Batzarrak eta Gernika Jai Alai Events enpresak akordioa sinatu dute, berriro ere, guztiona den diru publikoa beraien mesedetan bideratuz». Eta erabaki horrek ondorioak izan ditu. Izan ere, Munduko Pilota batzarrak antolatzen dituen PRO AM txapelketako lehen jardunak ez dira jokatu pilotari afizionatuek jokatzeari uko egin diotelako.
Astelehenean, Gasteizko parlamentuan, agerraldia egin zuten Euskadiko Pilota Federazioako lehendakari Patxi Jauregik, Federazioko abokatuak, eta Mutriku eta Markina Xemeingo eskoletako ordezkari diren Jon Mendizabal
Goixerri eta Josu Mugartegi
Atain-ek.
«Asmoa zesta-puntaren egoera larria eta diru publikoaren erabilera okerra agerian uztea da, eta alderdi politikoak diru publikoaren erabileraren jakitun izan daitezela».
Hurrengo ekitaldia, zapatuan izango da. Iparralde eta Hegoalderen artean partida bi jokatu eta arazoa kaleratuko dute. «Horretarako guztion laguntza behar dugu, guztion ardura bait da zesta-puntaren egoera aldatzea».
Munduko Pilota Batzarreko kideen dimisioa eskatzea dute asmoa. «Zesta-puntari kaltea besterik ekarri ez dioten pertsonak kanpoan nahi ditugu».