Gernika Jai Alai Events-ek bere profesionaltasuna defendatu du
Gernika Jai Alai Events elkarteak zesta puntaren etorkizunaren inguruan sortu den polemikari erantzun dio.
Elkarteak argitu du Munduko Pilota Batzarraren eta Euskadiko Federazioaren artean «bitartekari lana» egin zuela udan pilotari profesionalentzako txapelketa «duin» batzuk antolatzeko. «Bitartekari lan horiek ez zuten emaitza onik eman».
Hala, ondoren elkarteko kideek eta pilotari profesionalek udarako zer egin zezaketen pentsatzen hasi ziren, eta profesional batzuek Jai Alive enpresarekin sinatu zituzten kontratuak.
«Munduko Pilota Batzarrak antolatutako txapelketa ofizialak soilik Jai Alive-ko pilotariek jokatzeko arriskua zegoela ikusi zen orduan». Horren aurrean, elkarteak, zestalariek eta gainerako profesionalek txapelketa ofizial horretan parte hartzea pentsatu zutela dio elkarteak. Eta martxoa amaieran euren asmoaren berri eman zion Euskadiko Federazioari. Elkarteak zehaztu du, erabaki horren arrazoia dela Euskadiko Federazioak ez duela Munduko Jai Alai Zirkuitua martxan ipini. Oraingoz, hori egiteko baliabiderik ez dutela dio.
Aste Santuan, Gernika Jai Alai Events elkarteak Pilota Batzarrarekin kontratua sinatu zuten, txapelketa ofizialen erdiak hark antolatzeko, eta beste erdiak Jai Alive-k antolatuko ditu. Hala, elkarteak ez du ulertzen Euskadiko Federazioak esatea «ezustekoa» jaso duela. «Hasieratik du honen berri, begi onez ikusi, eta pilotariei oniritzia eman zien. Zesta eskolen defentsa egiten dugu, eskaintza hobetzea da gure asmoa, erakundeen ardura da euren tira-birak konpontzea».