Eragile sozialekin adosturiko politikak aldarrikatzen ditu Josu Unanue EH Bilduko ahaldungai nagusi bermeotarrak. Hala, tokian tokiko garapena bultzatzea ezinbestekoa da koalizioaren ustez.
Bizkaian aldatzeko lau puntu zehaztu dituzu. Eskubide sozialak blindatzea da bat.
Inor ezin da bazterran utzi, eta dagoen kohesio faltari buelta eman behar zaio, politika soziala indartuz. Hezkuntza, osasungintza eta laguntza sozialak ez dira gastu bat, inbetsioa bat baino. Hori Gipuzkoan ikusi da. Hemen laguntza batzuk kendu egin dira, eta hori ezin da onartu.
Josu Unanue EH Bilduren ahaldungaia, bere jaioterrian, Bermeon.
Bestetik, eredu sozioproduktiboa aldatzea proposatu duzue.
Egungo eredua inbertsio handietan, zementuan etab. oinarrituta dago, eta erabilera txarra egin da. Tokian-tokiko baliabide eta ezaugarriak kontuan izanda, tokian-tokiko garapena bultzatu behar da, eta enpresak hemen errotzea lortu; multinazionalak gaur badatoz eta bihar badoaz. Enpresa txiki eta ertainak lehiakorrak izatea lortu behar da, eta aholkularitza zerbitzu bat beharrezkoa da haientzat.
Horregaz lotuta, fiskalitate progresiboa eskatzen duzue.
Argi dugu gehien duenak gehiago ordaindu behar duela, eta enpresek haien irabazien arabera ordaindu behar dute. Behargin denok ordaintzen dugu Pertsona Fisikoen Gaineko Zerga, eta horren ekarpena da %50a. Sozietate Zerga, gaur egun, enpresa txiki eta ertainek %21 ordaintzen dute, eta handiek batez besteko %7a, baina batzuek %3a. Ez gaude ados. Aberastasun Handien Zergan arrisku handiagoa dago. Sistema fiskalak Bizkaian muga bat zehazten du, hau da, elusioa. Elusioa iruzurra da; iruzur fiskala baina legeak onartzen duena. Ahaleginak egin behar dira hori azaleratzeko.
Bestalde, erabakitzeko eskubidea ezinbesteko dela diozue.
Bai, burujabetza, euskal bidea; hemen bizi, hemen erabaki. Prozesu bat abiatu behar dugu, eta hor Bizkaiak pausoak eman behar ditu. Kanpotik datozen erabakiak ezin ditugu onartu; berton erabaki behar dugu.
Langabezia da herritarren kezka nagusia. Nola sortu kalitatezko lana?
Orain arte egindako politikek ez dute balio. Bizkaian 94.000 bat langabe daude, eta langileen %20a ere pobrezian dago. Hala, lana izateak ere ez du bermatzen bizi duinik; hori kezkagarria da. Eragile sozial, sindikal, ekonomiko eta enpresarial guztiak ez dira kontuan hartzen, eta ekarpenak dituzte egiteko. Bestalde, garapen agentziek protagonismoa hartu behar dute. Eta lan publikoa bultzatu behar da, baldintza duinetako eta kalitatezko lana bermatzeko. Bestetik, ekonomia sustapenerako bideratzen da aurrekontuaren % 5a, 83.000 milioi euro Bizkaian eta horretatik % 14,6a bideratzen da BEC-en zorra ordaintzeko. Diru asko galdu da inbertsio handietan, eta beste hainbat gastuk ere zorpetu gaituzte. Ekintza soziala ere oso inportantea da, eta enpresa txiki eta ertainak plan zehatzekin lagundu behar dira.
J.Unanue: “Garapen agentziek protagonismoa hartu behar dute. Eta lan publikoa bultzatu behar da, baldintza duinetako eta kalitatezko lana bermatzeko”
Gazteria da langabezia gehien sufritzen duen sektoreetako bat. Zer esango zenieke?
Ezin zaio esan itxaroten gelditzeko edota kanpora joateko eta gero etortzeko, Toñak esan berri duena. Gazteek berton egon behar dute. Gazteria gure etorkizuna da, eta aldaketaren alde egin behar du. Erabaki gehienak haiekin lotuta egon behar dute, bestela jai dugu. %45eko langabezia dago sektore honetan, gazteentzako egin diren politikak ez dute balio izan. 1.500 kontratu bultzatu dira azkenaldian, eta hortik 1.200 prekarioak dira.
Eta kale gorrian bizi direnei?
Ehunka lagun daude Bizkaian horrela. Hor ikusten da ez dela gastu soziala, inbertsio soziala dela. Asko daude marra gorri denak pasatuta. Politikak aldatzea ezinbestekoa da. Ezin da etxe hutsik egon, eta alokairu soziala bultzatu behar da. Aldundiak, udalak eta banketxeak politika horien alde egin behar dute elkarlanean. Aldundiak badu aukera etxebizitza politikei loturiko neurriak hartzeko, eta udalek ere izan behar lukete.
Zerbitzuen sektorea hasi den heinean, lehen sektorean eta industrian gainbehera egon da. Nola bermatu denen geroa?
Industria izan da duela gutxirarte lan onaren eta kalitatezkoaren eredua. Azken sei urteetan gure gure industriaren %20a desagertu da, eta industriagaz loturiko ekoizpena ere %30a desegin da. Gure industria enpresen %80-90 txikiak eta ertainak dira, eta horien aldeko apustu zuzena egin behar da. Jaten dugunaren %5a bakarrik ekoizten da hemen. Lehen sektoreari behar duen garrantzia eman behar zaio. Elikadura burujabetza eta antzeko proiektuak bideratu dira, esaterako Orduñan. Hori hona ekarri daiteke. Bertan hartu, bertan ekoiztu, bertan landu eta berton kontsumitu behar dugu. Eta zerbitzu publikoak bultzatu behar dira. Instituzioetan pribatizatu diren zerbitzuak publikoak izatea da beste berme bat.
Unanue, Bermeoko portuan
Bestetik, Busturialdeko Ur Patzuergoa tokian tokiko kudeaketaren adibide eredugarria dela diozue.
Kontuak saneatu dira, lanpostu publikoak sortu eta bermatu ditu. Inork egin ez duena egin dute: araztegia martxan ipini. Bermeon dugu adibidea, portua garbi dugu. Kaka artean urte asko egon gara, inork alternatibarik eman barik. Zelan liteke erreserba biosfera batean saneamendua eginda ez egotea? Ez al da borondate falta? Orain Jaurlaritzak dio egingo duela. Aldundian eta Jaurlaritzan eurek egon dira boterean, astia izan dute.
J. Unanue: “Kaka artean urte asko egon gara, inork alternatibarik eman barik. Zelan liteke erreserba biosfera batean saneamendua eginda ez egotea? Ez al da borondate falta? Orain Jaurlaritzak dio egingo duela”
Herritarren beharrizanei erantzuteko neurriak alderdi guztien ahotan daude.
Herritarren alde ez dute egin langabeziara hainbat lagun bota dituztenek, etxeetatik pertsonak kaleratu dituztenek, edo kanpotik etorritako murrizketak ezarri eta propioak sortu dituztenek. PP-PSOE-EAJ alderdiek aplikatu dituzte, eta iruzur fiskala ere haiek bultzatu eta babestu dute, eta ez dute horretan sartu gura. Baliabide nahikorik ez dutela diote, baina agintean dagoenak ezin du esan halakorik. Herritarren alde soilik ez, herritarrekin egingo dugula diogu. Eragile askogaz harremana dugu, horietan parte hartzen dugu. Askotariko eragile sozialekin orain dela astebete sinatu genuen lankidetzarako hitzarmena. Haien ekarpenak jaso, eta horiek defendatzeko eta bideratzeko konpromisoa dugu.
Oposizioak egin ezin diren neurriak aurkeztea leporatu dizue.
Guztiak dira egingarriak; arazo handiena gehienbat borondate falta izaten da, eta dirua. Dirua ipintzen dute aitzakiatzat. Dirua egon badago. Baina azpiegitura edo proiektu handien zorrak ordaintzera enplegu politiketara baino diru gehiago bideratzen denean, hor zerbaitek huts egiten du. Ezin daiteke diru publikoa edonola erabili.
EAJk Bizkaia zorpetu duela diozu. Nola eman buelta horri?
Ideiak, borondatea eta dirua beharko dira. Ez da pertsona aldatzea, politika egoteko moduak aldatu behar dira. Lehenengo egoeraren diagnostikoa egin behar da: benetan zenbateko zorra dagoen argitu, zergatik gertatu den zorpetzea, akatsak egon diren… Antza, egindako inbertsioek ez dute eman hasieran aurreikusitako etekinik. Kudeaketa penagarria egin dute, oso txarra. Egoerari aurre egiteko akordio zabalak behar dira, eta dirua dagoen lekutik atera behar da. Fiskalitatea denentzat berdina izan behar da, justua, gardena eta proportzionala; eta ez multinazionalen neurrira egina. Enpresa handiak datozen moduan, badoaz, eta horiek badira gure etorkizunerako alternatiba jai dau-
kagu. Hemen bada jende ekintzailea, eta enpresak sortzeko laguntzak ematen dira, baina horien jarraipena bermatzeko ere laguntzak behar dira.
35 urte daramatza EAJk boterean Bizkaian. Aldaketa aurten etorriko al da?
Aukerak hor daude. Herritarrek diote aldaketa behar dela; gauzak txarto egin dira. Gainera, krisi egoerari irteera emateko ideia berriak sartu behar dira. Beste alderdiek diote gu ezetzarenak garela. Ezetza langabeziari, franking-ari, politiken gabeziari, zorpetzeari, azpiegitura handiei… Baietza industria planari, enplegu politikei, politika sozialei, feministei, euskararen aldekoei…
Nola lortu Bizkaia eta Aldundi euskaldunak?
Datuak kezkagarriak dira. Aldundiak ez du euskararen aldeko apusturik egin. Zerbitzu publikoa izanda, erabilera bermatu behar luke; ezin du albora begiratu. Egia bada euskara ofiziala dela, euskarak presentzia izan behar du, eta bermatu behar dira euskaldun guztion eskubideak. Gu bagara herritarren ordezkariak, guk bermatu behar dugu euskara denean egotea. D ereduaren aldeko apustua ezinbestekoa da, berau da gaur egun euskara ikastea bermatzen duen bakarra. Ekitaldi folklorikoetatik aparte, konpromisoa behar da, eta borondatea, zerbitzu publiko guztiak euskaldunak izatea bermatzeko.