Herriko eta inguruetako nekazarien plaza bihurtuko da bihar, Markina-Xemeingo Plazabarripea. Aurten ere, Okela Eguna antolatu dute udalak, nekazariek eta tabernariek, eta bertoko ekoizleen produktuak ezagutu eta eskuratzeko aukera egongo da bertan jarriko duten azokan.
Hamabi postu egongo dira: sagardo eta txakolinenak bi, gaztarenak hiru, bai ardi gazta bai eta ahuntz gaztarena ere, gozo eta ogiaren beste postu bi, eztiaren bat eta txerrikiena.
Markina-Xemein eta inguruetako hamabi postu egongo dira aukeran.
Azokagaz gain, goizean goizetik erreko dituzten bildots pintxoak dastatzeko aukera ere egongo da. 24 bildots erreko dituzte aurten, iaz bezala. Bertokoak dira bildotsak ere: Santa Mañekoak, Barroetakoak, eta Larruskoak. Izan ere, Okela Egunaren helburua hori dela gogoratu dute antolatzaileek: «Nekazaritzak bizi duen egoeraren inguruan, euren produktuak merkaturatzeko sailtasunak dituzte ekoizle txikiek. Horrelako plazak haizea ematen dietela diote nekazariek, eta ekonomikoki asko laguntzen dietela. Beraz, plaza bat edo eremu bat eskaintzea da asmoa».
Kalitatezko produktu bat saltzeagaz gain, saltzaile eta erosleen arteko harreman zuzena ere azpimarratzen dute antolatzaileek. «Produktua badakizu zeinek ekoiztuta dagoen, eta badakizu ordaintzen duzuna prezio justu bat dela, horrek eragiten duen lana eta horrek duen prozesuagatik».
Gaztaren prozesua
Azokagaz gain, ekitaldi ezberdinekin osatu dute Okela Eguna. 10:00etan hasiko da azoka, eta 11:00etan herriko artzainen erakustaldia egongo da. Gaztaia egiteko prozesua erakutsiko dute bertan Plazabarripean. «Ekoizpen prozesuaren transmisioa egiten ere ahalegintzen gara. Baserriagaz lotutako beharrak jendeari erakusten», azaldu dute antolatzaileek. Joan den urtean ardi txakurren erakustaldia egon zen, eta aurten gazta zelan egiten den erakutsiko dute.
11:30ean, zesta-punta partidak jokatuko dira Uni frontoian, eta EUP irratiak ere leku bat izango du azokan. Sortzen ari diren EUP berriak, zuzeneko irratsaioa esakainiko du Plazabarripean bertan, 12:00etatik 14:00etara. Ekoizleekin elkarrizketak eta jendearen iritzia jasoko dutela aurreratu dute irratiko kideek. «EUP berriaren lehenengo ekintza izango da», adierazi dute.
24 bildots erreko dituzte aurten ere, pintxoak egiteko.
12:30ean hasiko dira antolatzaileak, goiz osoan prestatutako bildots pintxoak banatzen. Urtero modura, tikeak erosi eta bildots pintxo erretilua eskuratzeko aukera egongo da.
Egunagaz amaitzeko, 19:00etan, Kupela taldearen erromeria egongo da Kontzekupean.
Kontzientziazioa
Okela Eguna aurten, ez dute mugatu nahi izan, bakarrik, biharko egunera. Horrela, Bizilur eta EHNE-Bizkaiak egindako Bide berriak: Ekikadura burujabetza Euskal Herrian elikaduraren inguruan eraikitako alternatiba eta esperientziei buruzko dokumentala eman dute kultur aretoan. «Kontzientziazio bat ere egin nahi da elikaduraren gainean, hausnarketa bat eragin erosleen artean. Zer jaten dugun eta zer ordaintzen dugun ikusaraztea».