Ondarrutarren bultzada «berebizikoa» dela dio EH Bilduk
Aurreko agintaldian egon den taldeak «bidea zabalduta» laga diela dio alkategaiak. Proposatu dituzten 123 neurriekin «herri justu eta solidario» bat lortzen saiatuko diraEH Bilduk herenegun mitina eman zuen Ondarroako Alamedan. Maribi Ugarteburu EH...
Aurreko agintaldian egon den taldeak «bidea zabalduta» laga diela dio alkategaiak. Proposatu dituzten 123 neurriekin «herri justu eta solidario» bat lortzen saiatuko dira
EH Bilduk herenegun mitina eman zuen Ondarroako Alamedan. Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkideak eta udalera aurkeztuko diren zerrendako kideek egin zuten ekitaldian jende asko batu zen.Ugarteburu izan zen hitza hartzen lehenengoa. Haren esanetan, «pertsonak erdian ipiniko dituen politika eredua» egingo du EH Bilduk. «Erabakiak pertsonak erdigunean daudela hartuko ditugu. Politikari eta demokraziari bere benetako zentzua eman nahi diogu, baina, betiere, herritarrekin batera. Horretarako berme politiko bakarra EH Bildu da».
Era berean, Bizkaiak aldaketa politikoa behar duela ere nabarmendu zuen, eta horretarako, hurrengo hauteskundeak «klabeak» izango direla aitortu zuen. «Bizkaian EAJk aberatsentzat gobernatzen du, eta hori amaitu egin behar da. EH Bilduk biztanle guztien onura nahi du».
Jarraipena emateko sasoia
Ostean, udal hauteskundeetara aurkeztu den taldeko kideek agerpena egin zuten. Josu Arrizabalaga alkategaiak sarrera egin ondoren, Argia Ituarte egungo alkateari eman zion hitza. Azken lau urteotan herritarrekin batera «udal politika garatzen» ahalegindu direla azpimarratu zuen Ituartek. «Guk egin dugu gure beharra. Gauzak ahalik eta hobetoen egiten ahalegindu gara, eta orain, Josuri eta bere taldeari tokatzen zaio guk egindako lanari jarraipena ematea».
Ituartearen eskutik lekukoa jaso eta gero, alkategaiak «zerotik» ez direla hasiko aipatu zuen, eta aurreko agintaldian egon den taldeak «behar handia eginda eta bidea zabalduta» utzi diela nabarmendu zuen.
Herritarren bultzada
Erronka handiak lortzeko dituztela adierazi zuen Arrizabalagak, eta proposatu dituzten 123 neurriekin «herri justu eta solidarioago» bat lortzen ahalegindu direla azpimarratu zuen. Hori guztia lortzeko, ordea, herritarren inplikazioa eta bultzada «beharrezkoa» direla aitortu zuen. «8.000 metroko mendietan ibiltzen direnek sherpak eramaten dituzte. Xerpa barik inor ez litzateke gora ailegatuko. Eta guk ere xerpak behar ditugu, gure xerpak zuek izan behar zarete».