Unai Rementeria (Mundaka, 1973) Mundakako alkate ohia, EAJren ahaldun nagusigaia da orain.
Mundakako alkate ohia… Kargupean bi mila biztanle izatetik milioi bat baino gehiago izatera. Ez al da ardura handia?
Bada, baina alkate nintzenean ere bazen. Ardura berbera da: gehienezkoa, ardura ezbaita gehitzen edo murrizten jende kopuruaren arabera.
Unai Rementeria EAJren ahaldun nagusigaia, Gernika-Lumon.
Gernika-Lumon Elkartegia eraikitzeko aurrekontua onartu du Aldundiak. Enpresak sortzen eta hazten laguntzeaz gain, nola bermatu etorkizuna?
Etorkizuna eta oraina mundura gehiago zabaltzean dago. Argi dut mundua dela gure aukera. It’s the time for Biscay. Krisialdien irteera une egokia da aukerak bilatzeko. Munduak eskaintzen digu jarduera ekonomikoa hazi eta enplegua sortzeko aukera hori.
Ekonomia oinarria, eta enplegua lehentasuna. Baina ekonomia ahuldu eta enpleguak galdu dira Bizkaian azken agintaldietan. Zer proposatzen duzue galdutakoa berreskuratzeko?
Gure enpresak mundura zabaltzeaz gain, atzerriko inbertsioa eta enpresak erakarriko ditugu. Hori bultzatzeko baldintzak jarriko ditugu. Bizkaia lurralde erakargarria izatea da helburua.
Enpresen elkargoak, fusioak, kontsortzioak… Hor ikusten duzu etorkizuna. Baina batzuek pentsa dezakete lanpostuak galtzeko eta dirua gutxi batzuren esku pilatzeko arriskua dagoela.
Enpresak batzea mundu mailan aritzeko tamainu gehiago izateko niretzat lehiakorrago izatea esan nahi du, eta horrek gehiago saltzea esan nahi du, eta jarduera ekonomikoa handitzea, eta lanpostu gehiago sortzea, eta, beraz, guztiok, irabazle ateratzen garela, ez bakar batzuk.
Gure produktuek nazioartean egon behar dutela diozu. Nola bermatu ekoizpena Bizkaian egiten dela? Zer eskainiko diezue enpresei berton geratzeko?
Badakit politikan hitzek baino, ekintzek dutela benetako balioa. Guk Bizkaia enpresentzako lurralde erakargarria izateko programa jarriko dugu abian, Doing Business in Biscay, baina dagoeneko enpresek hemen gelditzea erabaki dute. Asko ez dela, albistea zen enpresak alde egiten zutela. Orain, gurean sustraitzen direla: PCBk lantegi berria zabalduko du Sestaon, 20 milioi euro inbertituta 200 lanpostu berri sortzeko; Alstom-ek ere beste bat egingo du Ortuellan; Gestamp-ek, Boroan; Tysenkrupp-ek, Zamudion; eta Lointek-ek, Urdulizen duenaz gain, Bilboko Portuan egingo du lantegi berria. Horiek ez dira hitzak, lortutakoak baizik.
Rementeria: “Ez gara ondo egongo Bizkaiko etxebizitza denetara enplegua heldu arte”; “Argi dugu euskara kulturartekotasuna bultzatzeko giltza izan daitekeela”
Kontsortzio hitza aipatuta, Busturialdeko Ur Partzuergoa datorkit burura. Zer iritzi duzu tokian tokiko kudeaketa ereduari buruz?
Aurretik hasita, saneamendu sarea amaitzeko eta diru kopurua jartzeko erabakia Eusko Jaurlaritzak hartutakoa da, eta ni bereziki pozik agertzen naiz erabaki horregaz. Bestalde, Lamiarango araztegia Bermeo eta Mundakako ur zikinak garbitzeko prest da. Galdera beste bat da. Araztegia eta saneamendu sistema osoa (Muxikatik Bermeora eta errekaren eskumaldeko udalerriena) eta ur hornitze sistema osoa, eskualdeko biztanleek sustengatzeko gaitasunik ba al dugu? Ni ezezkoan nago, prezioak igo barik. Eta uraren prezioak igotzearen kontra agertzen naiz erabat. Horren irtenbidea beste hau litzateke: azpiegitura handien kostuak Bilbao-Bizkaia Partzuergoak har ditzala, eta herrietako hodi eta azpiegituren kostuak Busturialdekoak kudeatu ditzala. Horrela, ez dugu beste bizkaitarrek ordaintzen dutena baino diru gehiago ordainduko.
Zure programan jasota dago azken urteetan 8 enpresatik bat itxi dela, eta langabetuak 70.000 izatera iritsi direla. Gizarte ekintzaren bitartez egin nahi diezue aurre horri. Nola?
Datuak hor daude, ezin uka, eta enplegua da egun ardurarik nagusiena eta bultza daitekeen gizarte ekintzarik eraginkorrena. Ez gara ondo egongo etxebizitza guztietara enplegua heldu arte. Baina norabide onean goaz, eta orain urtebete baino baikorragoak izan behar gara. Ez nik esaten dudalako, baizik eta adierazleek hori adierazten dutelako: langabezia jaitsi egin da, Estatuan baino gehiago, gainera. Apurka- apurka, lana eta enplegua helduko dira, baina bitartean ezin dugu onartu soldatarik gabeko familiarik. Bizkaiak duen gizarte sare onari esker mantenduko dugu bizkaitarren duintasuna.
Unai Rementeria EAJren ahaldun nagusigaia, Gernika-Lumon.
Lehen sektoreak ere galerak izan ditu azken hamarkadetan. Buelta ematerik ba al dago?
Baiezkoan nago. Gure produktuen kalitatea ez du inork ezbaian jartzen, ez hemen ez inon. Hori abiapuntu ona da. Bidearen erdia baino gehiago eginda dago, baina gelditzen den zatia ibili behar dugu. Galerak gainditzen laguntzeko, Europak eskaintzen dituen aukera guztiak aprobetxatu behar ditugu. Europako laguntzekin eraginkorragoak izateko, nazioarteko aukeren inguruko hedapen eta aholkularitza zerbitzua martxan jarriko dugu Bizkaiko enpresentzat eta herritarrentzat.
Olatua dator blogean proiektu bat duzuela diozue, «Bizkaiko gizon eta emakume guztientzat». Gizonentzat lehenengo? Alegia, zein politika dakarzu genero arloko desberdintasun eta injustiziekin amaitzeko?
Begira, genero berdintasunarekin zenbaterainoko konpromisoa daukagun jakiteko egiten duguna ikustea besterik ez dago. Foru hauteskunde hauetan, EAJren lau zerrenda buruetatik bi emakumezkoak dira, Ana eta Ibone, eta zerrenda horietan 53 hautagai eta 25 emakume daude. Herri garrantzitsuetan gure alkategaiak emakumeak dira: Barakaldon, Zallan, Durangon, Santurtzin, Leioan… Nik uste horrek argi azaltzen duela arlo honetan gure politika zein den, baina aipatuko dizut gure asmoa Bizkaiko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako bosgarren Foru Plana 2016-2019 egin eta indarrean jartzea dela, eta Aldundian berdintasunerako zeharkako politikak indartzea jarduera guztietan.
Denen eta denentzako kulturarekin konprometitu nahi duzu. Nola saihestu kultura baztertzailea?
Gaztetatik entzun eta erabili izan dudan «auzolan» hitza da nahi dudan kultur ereduaren abiapuntua. Denon artean eta denontzako kultura. Nik gura dudan Aldundia kultura-eragileekin elkarlanean ariko da, baina ez ditu inoiz ordezkatuko. Ekimen publiko eta pribatuaren arteko kolaborazioa behar dugu, guztion onerako delako.
Kultura eta euskara ere lotuta daude. EAJk eta Unai Rementeriak egingo al dute apusturik Bizkaia kulturartekotasunean euskalduna izateko?
Bai, argi dugu euskara kulturartekotasunaren giltza izan daitekeela. Hala gertatzen da gune euskaldunetan. Nik herrian, Mundakan, ikusten dut. Euskarak integratu ditu atzerritarrak gurean. Baina Bizkaia da, aldi berean, euskaldun gehien eta gutxien dituzten eskualdeak dituen Euskadiko lurralde historikoa. Berezitasun horrek bultzatzen gaitu tokian-tokiko hizkuntza politika bideratzera.
Aurretiaz esandako guztia, gainera, iraunkortasunaren alde egingo duen Bizkaia batean emango dela suposatzen dut.
Arlo honetan, arazoak konpondu baino, aurreikusi egin behar ditugu. Dena den, ingurumenari dagokionez, Bizkaia eredugarria dela uste dut. Ez dugu hondakinekin arazorik. Sortzen ditugun hamar kilotik bederatzi aprobetxatu egiten ditugu. Kontzientzia piztea da garrantzitsua.
Zer ez du Bizkaiak zure agintean izan dezakeena?
Enplegua, enplegua eta enplegua. Hori besterik ez dut buruan.