XV. Antxoa Egunak Miguel Beitia 'Miel mutu' omenduko du

Antxoa egunaren antolatzaile eta bultzatzaileak: Leandro Azkue, Argia Ituarte, Eusebio Arantzamendi, Peli Markuerkiaga, Yolanda Loira eta Almundo Peso
Zazpi eratara prestaturiko milaka antxoa pintxo banatuko dira Antxoa Egunean. Besteak beste, pla-pla erara, ozpin saltsan, tortillan edota antxoa kroketa dastatzeko aukera izango dute bisitariekDenetara, ia tona bat antxoa banatutako dira zazpi eratara prestatuta: pla-pla erara, ozpin saltsan, tortillan, kroketa, pudina eta Ondarroako kontserbak dastatzeko aukera egongo da. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, gainera, pintxo gehienak momentuan bertan prestatuko dituzte.
Arrantza giroa ezagutzeko ekimenak
Pintxoak dastatzeaz gain, beste hainbat gauzaz gozatzeko aukera ere egongo da Antxoa Egunean. Besteak beste, arrantza mundua “bizi-bizi dagoela erakusteko” bi ekimen berezi egingo dira alde zaharrean. Alde batetik, sare konpontzaileak sareak nola josten dituzten erakusten arituko dira, eta, bestetik, antxoa fabrika baten funtzionamendua kalera aterako dute. Bestalde, aurten berritasun modura, txikienek arrantzan egiteko aukera izango dute alde zaharrean bertan. “Hainbat arrainegaz betetako igerileku antzerako bat ipiniko dugu, eta hantxe umeek ixkireroekin arrantzan egiteko aukera izango dute”. Harrapatzen diren arrainak, gerokoan, etxera eramateko aukera izango dute umeek. Herriko beste altxorretako bat ere ez da faltako jaian: itsasoagaz lotutako kantu herrikoiak. Musika Eskolako zein Kantaize Orfeoiko kideak kantuan ariko dira herriko hainbat tokitan. Orfeoiko kideek esaterako, kanta herrikoiez osatutako kantujira egingo dute. Kresal usaineko hainbat kanta abestuko dituzte, eta herritarrek kantu paperak eskuetan eurekin batera gozatzeko aukera ere izango dute. Kantaizekoek gogoratu dutenez gainera, kanta horiek eta gehiago Kresal usaineko kantak liburuxkan aurkitu ahal izango dira. Omenduari dagokionez, Miguel Beitia Ondarroan Miel mutu modura ezagunagoak denak jasoko du zilarrezko antxoa preziatua. “Oso pertsonaia maitatua da herrian, eta guztiek ezagutzen dituzte haren inguruko hainbat pasadizo. Horrez gain, arrantzalea ere izandakoa ere bada Miel, eta herriko ekintza guztietako saltsetan beti egon izan ohi da”. Eguerdiko ekimenak Boga-Boga herriko kantarik maitatuena abesten agurtuko dituzte. Eguerdiko geldiaren ostean, arratsaldean ere zer ospatu egongo da Ondarroan. Aurrerako nagusien taldeak 17:00etan jokatuko du denboraldiko azken futbol partida, eta gerokoan, 3. mailara igo direla ospatuko dute herritar guztiekin batera. 20:30ean, zubi zaharrean harrera egingo diete herritarrek.Datu oso positiboak
Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako arrantza zuzendariaren hitzetan, aurtengo antxoa kostera “oso oparoa” eta martxa onean doa. Azkuek igorritako datuen arabera, arrantzaleek euskal portuetan lehorreratu duten antxoa kopuru ia erdia, Ondarroan deskargatu da. Kopurua handia baldin bada ere, tamaina handiagoko antxoarik ez dela arrantzatu nabarmendu du arrantza zuzendariak. “Aste gutxi falta da kostera amaitzeko, eta arrantzaleek neurri handiagoko antxoa harrapatzea espero dute. Izan ere, antxoa neurri txikikoa ez bada ere, kontserberek nahi hainako handia ez dela ikusten ari gara”. EGITARAUA:- 12:00. Jai hasiera.
- Jarraian. Ondarroako elkarte gastronomikoen eskutik pintxo dastaketa alde zaharrean.
- Bien bitartean. Ondarroako bertsolariak kalerik kale, kontserba fabrika baten erakustaldia, umeentzako arrantza jolasa eta neskatilak sare konpontzen.
- 13:00. Likona dorretik hasita, Unanue Musika Eskolako haurrak kantuan. Aldi berean, Kantaize orfeoia kantujiran ibiliko da.
- 13:30etik aurrera. Zubi zaharraren azpian, Musika Eskolako haurren azken saioa, Antxoa Eguneko omenaldia eta herriko bertsolarien agurra.
- Amaitzeko. Kantaitze abesbatzaren eskutik, eta herritar guztien laguntzagaz, Boga-Boga abestuko da.
- 14:00etatik aurrera. Kantaize orfeoiak kantujiran jarraituko du.
- 17:00. Aurreraren denboraldiko azken pardia Zaldupen.
- Ostean. Jokalarien ospakizuna herrian zehar.
- 20:30. Aurrerako jokalariei eta talde teknikoari harrera zubi zaharrean.