Markina-Xemeingo EH Bilduk datozen lau urteetan gauzatu nahi duen programa aurkeztu zuen herritarren aurrean. Herria egitera datozela eta herria egiten jarraituko dutela adierazi zuten. «Denok nahi dugun moduko herri bat, herri justuagoa».
Oinarrizko eskubideak defendatuko dituztela esan zuten: etxebizitza, hizkuntza, osasuna, ongizatea, eta lana. Baina, defendatzeagaz gain, neurriak ere proposatuko dituzte. «Prozedura zuzen eta gardenak erabiliaz, eta ez trikimailu eta azpijokoagaz. Herritarren eta herriaren interesak defendatuko ditugu».
Hori lan guzti hori egiteko, taldean behar egiten dakien lantaldea aurkeztu zuten. «Lau urtetan beharrean ibiliko den taldea eta batez ere kolorez betetakoa». Lantalde horretako kideek azaldu zuten banan-banan, zein izango den EH Bilduk jorratuko duen ibilbidea.
Markina-Xemeingo EH Bilduk Kontzekupean egindako ekitaldia. Argazkia: Markina-Xemeingo EH Bildu
Herri bizia eraikiko dute; kultura libre eta herrikoiaren alde egingo dute lan; etxebizitza eskubidea, hirigintza konpaktoa eta oinezkoei lehentasuna ematea izango dira hirigintza arloko ardatzak; herritar guztiei kirolerako sarbidea eta aukera berdintasuna bermatuko dizkiete; era parte hartzailean egin duten berdintasun plana garatuko dute; gizarte zerbitzuen sistema publiko eta unibertsala bermatuko dute; herritar guztiak euskaraz %100ean bizitzeko baliabideak garatuko dituzte; pertsona guztiek duten duintasunez bizitzeko eskubidea bultzatuko dute; gazteriaren berbea erabaki gune guztietan egoteko beharra egingo dute; giza eskubideak eta memoria historikoa landuko dituzte eta herritarren parte hartzea bultzatzen jarraituko dute.
Bakoitzaren ekintza txikiek balio dutela esan zuten, eta guztien parte hartzeak balioko duela Markina-Xemeingo etorkizuna lantzeko. «Udalean hartzen diren erabaki guztien gainean informatzea da gure konpromisoa, herritarrekin batzarrak egiten jarraituko dugu informazioa eta ekarpenak jasotzeko, auzoetara joaten eta batzorde zabalak bultzatzen jarraituko dugu, bai eta herri-ekimenari laguntzen». Markina-Xemeinen egin beharrekoak bertan erabakiko direla eta ez beste inon azpimarratu zuen Juanjo Txurruka EH Bilduren alkategaiak. «Sabin etxean ere ez. Udala herriarena da eta alkaterik onena herria», esan zuen.
Markina-Xemeingo EH Bilduren hautegaietako batzuk ekitaldi amaieran. Argazkia: Markina-Xemeingo EH Bildu
Politika egiteko moduak aldatzeko etorri zirela gogoratu zuen Josune Baskaran hautagaiak, «gardentasunetik, ilusiotik eta beharrerako gogoagaz». Aniztasunetik eta elkarlanetik, Markina-Xemein milaka koloretako herria dela esan zuen, eta etorkizun hobea margotzera doazela. «Herritarrei botoa eskatzera goaz, eta boto horren balioagaz boterea barriro herriari itzultzeko borondateagaz. Bakarrik era horretan lortuko dugulako Euskal Herri eta Markina-Xemein gorri, berde eta morea».