Lea Ibarreko hainbat herritan gertatu legez, Gizaburuagan ere herritarrek eurek aukeratzen dituzte udal hautagaiak. Aurten ere, etxerik etxe hautesle errolda bidali zaie herritar guztiei, eta horien artean jasotako botoei esker bost izan dira Ibaibaso herri kandidaturan aukeratuak: Juan Miguel Arostegi Argoitia, Oibar Egia Eizagirre, Jone Arene Gabiola Imaz, Miren Agurtzane Gogenola Alberdi eta Nerea Urrutibeaskoa Aldakogarai.
Orain arte Jose Luis Azpiazu egon da alkate lanetan, baina orain beste herritar batek ekin beharko dio harek egindako lanari. “Zortzi urte egin ditut udaletxean herritarren zerbitzura lanean, baina alkate izateari lagatzeko ordua iritsi da. Alkate izatea bizitza pertsonalagaz eta beharragaz ez ziren oso bateragarriak, eta ez jarraitzea erabaki dut. Hala ere, talde berriari laguntzeko prest nago”.
Aukeratutakoen artean aurpegi ezagunak baldin badaude ere, birek esperientzia berria biziko dute. Gabiola eta Gogenola, esate baterako, “ezustean” hartu ditu aukeratuak izan direnaren berriak. “Ez genuen espero”, adierazi dute biek. Arostegik, Egiak eta Urrutibeaskoak, ostera, esperientzia errepikatu egingo dute.
Ibaibaso herri kandidaturako kideak. Ezkerretik eskumara: Arostegi, Urrutibeaskoa, Egia, Gabiola eta Gogenola Gizaburuagako udaletxe aurrean
Herritarrek bost hautagaien artean euren gogokoenak aukeratzeko aukera ahal izango dituzte domekan. “Herria ordezkatzea nahi duten hautagaien ondoan gurutze bat ipini beharko dute. Gehienez jota, lau aukera ditzakete”, gogoratu dute hautagaiek.
Hala ere, domekako botu kontaketa eta gero, ez dago ezer erabakita. Izan ere, alkatea izango dena bost hautagaien artean aukeratuko da udalbatza berezian egingo den batzarrean. “Herritarren botoak kontutan eduki eta norberaren egoera pertsonala aztertu ostean, hantxe gure artean erabakiko dugu zein den alkatea”. Adostasuna lortu eta gero, alkatea izendatuko dute, eta beste laurak hari laguntzen egongo dira zinegotzi legez.