EUP irratia berriro ere martxan jartzen dabiltza 25 lagun inguru Markina-Xemeinen. Denak bat izan ezik gizonezkoak dira, eta emakumeen presentzia faltan bota dute. Irratia bai gizonezkoentzat zein emakumezkoentzat gustuko eremu izatea nahi dute, eta beraz lehenengo sortu eta emakumeak bertara erakarri barik, hasieratik emakumeentzat ere erakargarria izatea nahi dute. “Nahi dutenek gustura parte hartzeko bertan”.
EUP irratia Okela Egunean irratsaioa eskaintzen. Argazkia: Josu Arrate
Bestalde, irratia berriro martxan jartzeko ikastaro batzuen premia ikusten dute: zelan grabatu, mahai bat zelan erabili eta emakumea irratian zelan tratatu jakiteko ere formakuntza bat jaso nahi dute. “Emakumeak irratian parte hartzea ez da helburu bakarra, emakumeen gaia zelan lantzen den ere kontuan eduki nahi dugu”, azaldu dute. Hau da, edozein gai lantzeko orduan emakumeak ere kontuan eduki nahi dituzte informazio iturri modura edo protagonista bezala, emakumeen presentzia bermatu nahi dute, eta hori egoki egiteko formakuntza behar dutela aurreikusi dute, eta horregaz hasiko dira.
Horrela bada, Emakumeak Uhinetan jardunaldia antolatu dute EUP irratikoek barikurako, maiatzak 22. Hasieran hitzaldi bat izango zena, azkenean, egun osoko jarduna bihurtu da. 16:00etan hasiko dute eguna, zuzeneko irratsaio bategaz. “Euririk ez balego komun publikoen gaineko kioskoan jarriko dugu mahaia, jendeak ikusi ahal izateko”, azaldu du Jon Arriaga EUP irratiko kideak.
Bi ordu inguru iraungo duen saioan Markina-Xemeingo gailak landuko dituztela aurreratu dute. Horrela, Oliba Gorriak musika taldeko kideen elkarrizketa entzun eta Abarka antzerki taldearen egitasmo berriaren berri jakin ahalko da Nekane Zinkunegiren Zebrabidea irratsaioaren zuzenekoan. Arrosa sarearen bidez entzun ahalko da irratsaioa.
Hitzaldiak
19:00etan hasiko diren hitzaldietan ere emakumea izango da protagonista. Danele Sarriugartek Emakumea eta eremu publikoa gaia jorratuko du. Gero, Oihana Etxebarrieta Bilgune Feministako kideak hartuko du hitza, eta azkenik Nekane Zinkunegik bere esperientzia kontatuko du.
Amaia Lekunberri EUP irratiko kideak gidatuko ditu hizlariak.
Jardunaldiak ez du etenik izango gauera arte. 21:30ean afaria egongo da frontoian nahi duten guztientzako eta txartelak Buztarri eta Patxua tabernetan jarri dituzte salgai. Afari normala ala beganoa aukeratu ahalko dela azaldu dute.
Amaitzeko, taulagainera igoko dira neskak kontzertuei hasiera emanez. 22:30ean izango da lehen emanaldia. Nerea eta Lorea bikoa aterako dira hasteko oholtza gainera, eta Uluka, Xarpa eta DJ Margarita egongo dira ondoren.