Maite Zabala Aldaolea da herri plataformaren alkategaia, eta udala herritarrei hurbiltzeko asmoz lan talde “gazte eta esperientziaduna” prestatu dute.
Udal programa honako lan-ildo nagusietan laburbildu dute: hirigintza, mugikortasuna eta ingurumena, azpiegiturak, euskara, kultura eta hezkuntza, eta gizarte kohesioa.
Herritarren Ahotsaren hautagaientzat garrantzitsua da hurrengo urteetan udalerria antolatzeko balioko duten oinarriak “herritar guztien parte hartzearekin egitea”. Gardentasuna “funtsezkoa” dela deritzote, “beilatoki-errelekuaren proiektuak sortu bezalako egoera gatazkatsuak ekiditeko”.
Besteak beste, ardura hauek hartzeko prest agertu da herri plataforma: HAPO berria arautzea, Basokoetxe poligonoaren etorkizuna aztertzea, saneamendu sarea eta Elexaldeko herrigunearen hazkundea.
Ingurumen arloan, herrian sorturiko materia organiko guztia herrian bertan kudeatzearen aldekoa da HA, “auzokonposta eta autokonpostaren bidez”. Horrela, besteak beste, bosgarren edukiontziak sortutako gainkostuak sahiestu nahi ditu. Hautagaiek diotenez, “eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarrien alde egindako apustuari jarraipena eman nahi diegu, biomasaren erabilera eta ekoizpena bultzatuz eta eguzki-plakak jarriz”.
Garraio publikoa bultzatzearen aldekoa da herri plataforma, eta auzoen eta herrigunearen arteko loturak errazteko asmoa du, bertako zerbitzuen erabilera errazteko. Halaber, azpiegiturei dagokienez herri jabegoen inbentarioa eguneratu, herri bideak identifikatu eta sailkatu, eta baso publikoen erabilera arautzeko konpromisoa du. Gainera, hileta zerbitzuetako “gehiegizko” tasak gutxitzea eta hilerrirako irisgarritasuna egokitzea zein hango argiteri instalazioa amaitzea izango dira lehentasunak.
Bestalde, liburutegia, ikasteko gela, KZ gunea eta antzeko zerbitzudun kultur-etxea martxan jartzeko asmoa du, “beti ere herritarren oniritziarekin”. “Ludoteka zerbitzua udalak kudeatzea proposatzen dugu, eta psikomotrizitate gelak eskolako jardueretarako lehentasuna izatea”. Halaber, hautagaiek euskararen erabilera bultzatzeko plan bat martxan jartzea dute helburu.
Bestetik, gizarte kohesioa sustatzeko bidean belaunaldi desberdinen arteko harremanak sendotzea izango da HA-ren lehentasuna. “Zahartze aktiboa bultzatu, eta gazteria aktiboa eta kritikoa nahi dugu gure herriarentzat, eta horretarako haien beharrak, asmoak eta lehentasunak udalera heltzeko bitartekoak jarriko ditugu”.