Hondartzak garbitzeko eguna antolatu du aurten ere Lea-Artibaiko Artzabal Surf Elkarteak zapaturako, maiatzak 23. Azken urteetan antolatzen duten itsas ekimenaren helburua, urte osoan hondartzetan pilatzen diren hondakinak jaso eta ingurumena zaintzeko ekintza zuzena izateaz gain, ingurumenarekiko sentsibilizazioa eragite ere badela nabarmendu dute.
Artzabal Surf Elkarteak antolatutako hondartza garbiketa. Argazkia: Artzabal Surf Elkartea
09:00etan jarri dute hitzordua Isuntza arraun elkartearen sarrera ondoan, eta ingurumenagaz arduratuta dauden pertsona guztiak gonbidatu dituzte.
Isuntza eta Karraspio hondartzak garbitzen hasiko dira, eta 11:00ak aldera Ogellara abiatuko dira hango garbiketa egitera.
Lanak amaituta, 14:30ak aldera, familiako argazkia atera eta parrilada eder bategaz indarrak berreskuratuko dituzte parte hartzileek.
Hondakinik onena, sortzen ez dena
“Ikaragarria da gure ozeanoetan eta kostaldean pilatzen den hondakin inorganiko kopurua. Plastiko mota guztietako hondakinek milaka urte beharko lituzkete desegiteko eta gainera erabat kaltegarriak dira ingurumenarentzat”, azaldu dute Artzabaleko kideek.
Askotan hondartzetan uzten direlako eta besteetan, haizeak eta errekek eramanda itsasoan bukatzen dutelako gertatzen dela hau, diote. “Esan beharrik ez dago, edonora goazenean aurkitu dugun bezala edo garbiago utzi behar dugula egon garen tokia. Baina horretaz gain, gure hondakinak zakarrontzira botata ere, hondakin horrek itsasoan edo mendian erorita gelditzeko arriskua duela jakin behar dugu”.
Zentzu horretan, hondakinik onena, sortzen ez dena dela azpimarratzen dute. “Beraz garrantzitsua da, kontsumoa gutxitzea. Alegia, beharrezkoa ez dena ez kontsumitzea. Kontsumitzen badugu, berrerabilgarriak diren produktuak kontsumitzea”. Adibidez ura eramateko plastikozko botilak erosi beharrean, metalezkoak, beirazkoak edo kantinplorak erabiltzea gomendatzen dute. Edo paineluak erabiliz gero, telazkoak erabiltzea paperezkoak erabili beharrean. “Kontsumo arduratsu eta ekologiko bat egitea onuragarria izango da gure itsasoen egoerarentzat”.
Ingurumena zaintzeko
hainbat aholku ere eman dituzte:
- Surfa egitera goazenean garraio ekologikoa erabiltzea.
- Autoa erabili behar izanez gero konpartitzea.
- Tokia zegoen bezala edo garbiago uztea.
- Kontsumoa gutxitzea edo beharrezkoa dena bakarrik erostea.
- Erabilera bakarreko produktuak saihestea.
- Enbalaje gutxieneko produktuak aukeratzea.
- Erosketak egiteko poltsa edo “taperrak” eramatea.
- Produktu ekologikoak aukeratzea.
- Ura eramateko kantinplora edo beirazko botilak erabiltzea.
- Gure ingurumena zaintzeko zertan hobetu dezakegun pentsatzea eta ahal dugun guztia MURRIZTU BERRERABILI eta BIRZIKLATZEA.