37.000 herritarrek eman ahalko dute botoa Busturialdean
Bermeon Izartu eta Guzan eta Busturian BIT hautagaitza berriak aurkezten dira. Gernika-Lumon, Gorroñoren Euzko Abertzaleak eta EAJk koalizioa osatu duteHamabost eguneko hauteskunde kanpaina amaituta, gaur amaituko dute alderdi politikoek udaletako ese...
Bermeon Izartu eta Guzan eta Busturian BIT hautagaitza berriak aurkezten dira. Gernika-Lumon, Gorroñoren Euzko Abertzaleak eta EAJk koalizioa osatu dute
Hamabost eguneko hauteskunde kanpaina amaituta, gaur amaituko dute alderdi politikoek udaletako eserlekuak lortzeko lasterketa. Domekan, berriz, udal eta foru hauteskundeak ospatuko dira, eta Busturialdean 37.005 herritarrek edukiko dute botoa emateko eskubidea, hautes-erroldaren arabera. Duela lau urte, aldiz, Busturialdeko hogei herrietako 37.119 bizilagunek eman ahal izan zuten botoa.Domekan jaioterrian ezin egon, baina atzerritik botoa emateko aukera duten zenbait herritar ere badira eskualdean. Hautes-erroldaren arabera, 395 herritar dira, hain zuzen, atzerritik botoa emateko eskubidea daukatenak.
Eskualdeko zenbait udalek aldaketak izan ditzakete domekatik aurrera. Bermeon, esate baterako, hautesleek boto aukera gehiago daukate. Izan ere, ohiko alderdiez gain, Izartu eta Guzan herri plataformak eratu dira. Bata zein bestearen helburu nagusia, alderdibitasunagaz amaitzea da.
Busturian ere alderdi bat gehiago izango dute aukeran, Busturia Independiente Taldea (BIT) eratu baita. Jon Ander Zulueta Andikoetxea dute zerrendaburua.
Gernika-Lumon, beste alde batetik, orain arteko alkate Jose Mari Gorroñok EH Bildu utzi eta Euzko Abertzaleak zerrenda independentea osatu du. Horiek, baina, EAJ alderdiagaz zerrenda bateratua aurkezteko akordioa lortu dute, koalizio bat osatuz. Jose Mari Gorroño bera da alkategaia, eta Maria Uribe (EAJ) da zerrendan bigarrena.
Eskualdeko ahaldungaiak
Busturialdeak presentzia handia izango du hurrengo lau urteetan Bizkaiko Foru Aldundian. Bai EH Bilduko zein EAJko ahaldungaiak eskualdekoak dira, Josu Unanue bermeotarra (EH Bildu) eta Unai Rementeria mundakarra (EAJ). Foru Aldundian aldaketak izan daitezke baita ere, Podemos-Ahal Duguren hautagaitza ere badagoelako.