Azken urteetan oposizioan egon eta gero, hurrengo lau urteetan Lekeitioko alkate izango da Koldo Goitia Markuerkiaga (Lekeitio, 1968). Enpresa eta jarduera turistikoen teknikaria, landa eremuaren eta itsasertzeko gune arrantzaleen garapenerako teknikari moduan egiten du lan HAZIn (Eusko Jaurlaritza). Lekeitiok eraldaketa bat behar duela azpimarratu zuen hauteskunde kanpainan, eta lanerako gogotsu dago. 2.021 botogaz berreskuratu du EAJk alkatetza Lekeition, eta aginte makilari kolpe egingo diote Koldo Goitiak eta beragaz batera lanean jardungo duten EAJren beste sei hautetsiek.

Koldo Goitia, mitin baten.
EAJk 2.021 boto eta zazpi zinegotzi lortu ditu, EH Bilduri alkatetza kenduz. Horren emaitza onak espero zenituzten?
Orain dela lau urte baino emaitza hobeagoak izango genituela argi ikusten genuen, baina irabaztea oso gaitz zegoela uste genuen. Hala ere, herritarrekin izan ditugun harremanetan esan zigutena kontuan hartuta, ezinezkoa ere ez genuen ikusten. Gaitz ikusten genuen, baina ezinezkoa ez, eta azkenean, irabazi egin dugu.
Hauteskunde kanpainan programako hamar proposamen azpimarratu dituzue batez ere. Zeintzuk izango dira aurrera eramango dituzuen lehenengoak?
Herritarrei galdetuta osatu dugun programak proposamen gehiago batzen ditu, baina hamar horrek izango dute lehentasuna. Ekainaren 13an, izendapena eta udal osaketa egin eta hurrengo egunean hasiko gara beharrean horrek proposamen denak aurrera eramateko. Herritarrek gehienbat, enplegua sortu eta ekonomia suspertzea eskatu digute eurekin batuta egon garenean, eta hortik hasi beharko gara beharrean, batez ere.
Lekeition ia industriarik ez dago; merkataritza eta turismoari lotutako herria da gehiago. Nondik joko du EAJk hurrengo urteetan herriko ekonomia berpizteko?
Ni nere beharragatik beti nago itsasora begira, eta, beraz, gure itsas nortasunari lotuta dagoen turismoa bultzatu beharra ikusten dut. Gero, itsasoa orain arte beti ikusi dugu arrantza sektore modura, eta badagoz Europan ere beste esperientzia batzuk, eta hori ere aprobetxatu egin behar dugu, turismoa barne.
Proiektu zehatzik badaukazue pentsatuta, ekonomia suspertzeko?
Programa hartu eta urtero zer egin behar dugun zehazten hasiko gara. Baditugu proiektu batzuk aurreikusita, programan jasotzen ditugunak, itsas aktibitateak bultzatzeko Lekeitio aurrean martxan jarriko den 47 hektareako poligono bat, esate baterako. Hala ere, urte erdian sartzen gara udalean, eta ikusi egin beharko da ze egoeratan dagoen udaletxea, eta denbora galdu barik martxan hasi.
Goitia: “Udal osaketa egin eta hurrengo egunean hasiko gara beharrean; Lekeitioren etorkizuna denon artean erabaki behar dugula uste dut”
Zazpi laguneko lantaldea zarete. Bakoitza ze arlotan ariko den erabakita daukazue?
Domekan hasi ginen komentatzen, nik neuk ideia bat daukat, gutxi gorabehera bakoitzak gehien kontrolatzen duen arloak hartu ahal izateko. Datorren asterako geratu gara, berba egin eta antolatzen hasteko.
Oposizioagaz ze eratako harremana edukitzea edo ze eratako lan harremana izatea gustatuko litzaizueke?
Herria denok gara, eta, beraz, oposizioagaz ere ondo konpondu eta denen artean Lekeitioren etorkizuna adostu eta aurrera begirako Lekeitio zelakoa izan behar den erabakitzea gustatuko litzaidake. Gure herriaren etorkizuna denok adostasunean erabaki behar dugula uste dut. Lau urte batzuk egon, eta gero beste bat etorri, eta beste gauza bat egitea, eta horrela ibiltzea ez da ona herriarentzat.
Alkatetza lortuta, lana egitea geratzen da orain.
Orain gelditzen da gogorrena. Hala ere, ilusioagaz hasiko dugu etapa berri hau, aurrera beti, Lekeitioren alde.
Garaipena ospatzeko aukerarik izan duzue?
Ikuskatzaileak Batzokira etorri zirenean, denak batu eta pixka bat ospatu genuen, baina gaur bakoitzak bere beharra zeukanez, gehiegirik ere ez. Ikusiko dugu ea zer edo zer antolatzen dugun aurrerago.