Lekeitio: EAJ-k alkatetza eskuratu du eta Koldobika Goitia izango da alkate berria
Koldobika Goitia izango da Lekeitioko alkate berria. 2.021 boto jaso ditu alderdi jeltzaleak eta honenbestez lau urteren ostean, Lekeitioko Udalaren aginte makila alderdiz aldatuko da. Zazpi zinegotzi izango dira EAJ-renak eta sei aldiz EH Bildu-renak. EH Bilduk 1.905 bozka jaso ditu. Hirugarren indarra PSEE-EE izan da 36 bozkarekin, PP-k berriz 20 jaso ditu, azken bi hauek ez dute ordezkaririk lortu udalean.
4.130 herritarrek eman dute bozka Udaletarako hauteskundeetan eta eskualdeko herri gehienetan legez partehartzeak Lekeition ere behera egin du. Udal hauteskunde hauetan abstentzioa %28,72 koa izan da, 2011n berriz %22,6koa.
Orain dela lau urteko emaitzak alderatuta, EAJ-ak aurten 406 boto gehiago eskuratu ditu eta EH Bilduk berriz, 637 bozka gutxiago. Gogora ekarri behar dugu azken lau urteetan EH Bilduren esku egon dela Lekeitioko Udalaren agintea.
EAJ berriro udalera
Lau urteren ostean EAJ-ak eskuratuko du berriro ere Lekeitioko Udaleko agintea. Goitia alkate berriak hunkituta, herriak aldaketaren aldeko hautua egin duela esan du eta ekainaren 13an agintea eskuratu bezain pronto aldaketa hori gauzatzeko lanari ekingo diotela adierazi du. «Gure programan zehaztutako hamar puntuak banan-banan landuko ditugu».
Apurka- apurka alderdiko kideak Lekeitioko Batzokian elkartu dira ospakizunari ekiteko.
EH Bildu galtzaile
Andoni Seijo EH Bilduko alkategaiak nabarmen galdu dutela adierazi du «ez dago aitzakiarik gaur lehia politiko honetako galtzaileak gu izan gara; EAJ-k bozkak irabazi ditu baina guk boto asko galdu ditugu» aipatu du Seijo-k. Emaitzak ondo aztertu eta zertan huts egin duten behatuko dute orain. Burumakur eta atsekabetuta badaude ere, aurrerantzean herrigintzan lanean jarraituko dutela esan du Seijok.