Duela bi urteko emanaldi bat
Asteburu honetan bi saio egingo dituzte. Zapatuan Algarabia ahots eta musika tresnako taldearen kontzertua egongo da Ziortza-Bolibarko kolegiatan, eta domekan, berriz, Andres Cea organo jotzailearen emanaldia egongo da ikusgai. Bi kontzertuak 18:00etan hasiko dira.
Algarabia lan-talde zabalak osatzen dute: Maria del Barrio mezzosopranoa, Teresa Muñoz sopranoa eta biolin barrokoa, Angel Montero organoa eta espineta, Maria Revuelta sopranoa, gitarra eta perkusioa, David Ortega baritonoa eta Esther Garcia ganba biola.
Ziortza-Bolibarren
De Clerigos, Sefardies y Trovadores programa aurkeztuko du taldeak. Hain zuzen ere, azken hamar urte inguruan landutako abestiak eramango dituzte kolegiatara. Taldeko kideek azaldu dutenez, “errezitaldia Espainiako musikatik egindako ibilbidea da, Erdi Arotik XVIII. mendera arte, eta arreta berezia jartzen zaio musika sefardiari, gure taldearen bereizgarri izan delako beti”.
Izan ere, 2003.urtean, antzinako musika eta musika sefradia zabaltzeko helburuarekin sortu zuten taldea.
Bestalde, domekan Andres Cea Galan organo jotzailearen saioa izango da entzungai. Cea musikari nekaezina da, eta ibilbide luze bezain aberatseko pertsona. Espainian, Frantzian eta Suitzan organo jotzaile onenen eskutik ikasi zuen ogibidea, eta nazioarte mailako musikari on askorekin elkarlanean aritutakoa.
Madrilgo (Espainia) Unibertsitate Konplutenseko doktorea da. Argitalpen eta disko grabaketa asko egiteaz gain, hitzali eta ikastaroak ematen ibiltzen da, eta baita zenbait erakunderen organoak berritzeko proiektuetan ere, aholkulari moduan. Besteak beste, Espainia mailan, Ecijako
Luis Velez de Guevara izeneko Zientzia, Arte eta Letra Onen Errege Akademiako kidea, Andaluziako organo Akademiako zuzendaria, Sevillako Goi Mailako Errege Musika Kontserbatorioan akustikako irakaslea eta Cuencako Ordenako Julian Organoko Nazioarteko Akademiako irakaslea da.