Aurreko asteetan gertatu modura, baxurako arrantzaleek antxoa handiagoa harrapatu nahian jarraitzen dute. Bizkaiko golkoan antxoa egon badago, baina dagoen gehiena txikia izaten jarraitzen du.
Arrantzaleak antxoa deskargatzen
Arrantzaleen arabera, tamaina handiko antxoa gutxia euskal kostaldetik urruti dago: Kantabrian eta Asturiasen. Baxurako ontzi gehienek bizkaiko kostaldea atzean utzi, eta Asturias aldera joan dira antxoa handi nahian. “Gehiengoa hara joanda dago, hemen gutxi batzuk geratu dira. Hala ere, han ere tamaina handiagoko arrain eskasia dagoela eta, batzuk honuntz bueltatzea erabaki dute. Nahiago izan dute antxoa txikia harrapatu eta merkeago saldu, esku hutsik porturatu baino”, azaldu du Eusebio Arantzamendi kofradiako presidenteak.
Horregaz guztiagaz lotuta, gainera, aurreko astean Gipuzkoako eta Bizkaiko kostan antxoa harrapatzeko debekua ipini zuten. Tamaina oso txikia zela eta, Bilboko kabratik haratago joan behar izan zuten arrantzaleek. “Asteon, debekua hori kenduta dago”.
Marinelak antxoa deskargatzen Ondarroako Egidazu Kaian
Ontziak kanpoan ibili direna, agerian geratu da Ondarroan. Kalare Deuna kofradiako arduradunek igorritako datuen arabera, bentan saldutako antxoa kopurua nabarmen jaitsi da. Azken astean (maiatzaren 22tik 27ra) 74.000 kilo (kiloko 55 eta 65 alekoa) antxoa saldu dira. “Gehienek Asturiasko portuetan deskargatu dute, eta hona arrain gutxi ekarri dute”, nabarmendu dute. Prezioei dagokionez ere, merke egin du; bataz beste, 1,95 eurotan saldu da.
Gaur [maiatzak 28], goizeko lehen orduetan tamaina txikiko antxoa saldu bada ere, tamaina handiagoko arrain partida bat ekarri dute arrantzaleek (kiloko 28 alekoa), eta orain arteko garestiena saldu da 11, 80 eurotan.
Kanpaina amaitzeko gutxi falta da, hiru bat astean amaituko dutela kalkulatzen dute arrantzaleek. Oraingoz, kuotaren %75a arrantzatu dute.
ASTEKO ANTXOA SALMENTA
- Barikua (maiatzak 22). 8.500 kilo; 2,30 euro, bataz beste.
- Astelehena (maiatzak 25). 29.000 kilo; 2.21 euro, bataz beste.
- Martitzena (maiatzak 26). 7.300 kilo; 1,30 euro, bataz beste.
- Eguaztena (maiatzak 27). 28.400 kilo; 1,75 euro, bataz beste.