Aritzatxu hondartzako kantina birgaitzeko lanak hasi dituzte
Talako kantinan ere egokitze lanak egingo dituzte, eta asteon esleituko dituzte. Aritzatxuko zein Talako kantinak udarako prest eduki gura dituztela dioteJoan den astean hasi zituzten Aritzatxu hondartzako kantina birgaitzeko lanak. Iazko denboraleen o...
Talako kantinan ere egokitze lanak egingo dituzte, eta asteon esleituko dituzte. Aritzatxuko zein Talako kantinak udarako prest eduki gura dituztela diote
Joan den astean hasi zituzten Aritzatxu hondartzako kantina birgaitzeko lanak. Iazko denboraleen ondorioz, hondartzak kalte «larriak» izan zituen. Hondartzako kalteak konponduta, baina, erabilgarri egon zen joan den udan. Aritzatxuko kantina, berriz, ez zen erabilgarri egon, «ezinezkoa» izan zen prest edukitzea.Orain, izapide guztiak egin ostean, birgaitze lanak egiten hasi dira. Horiek Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiagaz elkarlanean egingo ditu, eta udarako prest egotea aurreikusten dute.
Martxoan Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri zuen modura, egurrezko etxola bat da Aritzatxu hondartzan eraikitzen ari direna. 10,20 metro koadroko azalera erabilgarria edukiko du. Eraikin hori sorospen eta salbamendu zerbitzuentzako postua izango da, eta, bestalde, emakumezkoentzako zein gizonezkoentzako komunak, erakusmahai bat eta terraza bat egongo direla iragarri zuten aldundiko arduradunek. Lanok egiteko 60.475,82 euroko inbertsioa egingo dutela zehaztu zuten.
Azpiegitura berria udarako prest egongo dela aurreikusita, Bermeoko Udalak Aritzatxuko kantina ustiatzeko deialdia zabaldu du. Interesa duten horiek guztiek oinarriak kontsultatu eta eskariak aurkeztu ahal izango dituzte Berh@z bulegoan ekainaren 12ra arte.
Talakoa egokitzeko premia
Talan dagoen kantina ere egokitu beharrean dagoela azaldu du Bermeoko Udalak, eta asteon esleituko dituzte lanok. Egin beharrekoak egiten «ahalik eta arinen» hasi gura dutela azaldu dute, udan kantina hori zabalik egon dadin.
Era berean, kantina horretan zerbitzua emateko deialdia ere zabaldu dutela azaldu du udalak. Interesa daukatenek dokumentazioa kontsultatu eta eskariak aurkeztu ahalko dituzte Berh@z bulegoan, maiatzaren 30era arte.