Mutrikuko
Burumendi Mendizalea Elkarteak antolatuta, domekan egingo den Arnoko mendi lasterketarako eta ibilaldirako dena prest dago. Azken asteotan herriko eta inguruko mendizaleak proba egiteko prestatzen aritu dira, eta domekan euren indarrak neurtzeko aukera izango dute.
Urtero modura, jende asko batzea espero dute antolatzaileek. Oraingoz, 70 korrikalarik eta 170 mendizalek eman dute izena mendiko proba ezagunean, eta datozen egunotan mendi martxan izena emateko tokia egongo dela ere nabarmendu dute antolatzaileek. “Oinez joango direnek domekan bertan izena emateko aukera ere izango dute, hasi baino arinago”.
Parte hartu ezin dutenek, aldiz, parte hartzaileak animatzeko aukera izango dute.
Iaz proban parte hartu zuten mendizaleak mendian gora. Argazkia: Burumendi
Lasterka edo oinez egingo dutenek, guztiek ere,
22 kilometro pasatxoko ibilbidea bete beharko dute, gehiena mendi bideetan zehar (17,6 kilometro).
Goiko Plazatik irtetzen lehenak, oinezkoak izango dira; 08:00etan abiatuko dira San Juan aldera. Korrika irtengo dutenek, aldiz, zer edo zer beranduago irtengo dute, 10:00etan.
Oinez zein korrika, denek ere Mutriku inguratzen duten bideetatik 1.097 metroko desnibela metatua duen ibilbide bera osatu beharko dute.
Ibilbidearen dagokionez, ez dago berritasunik. Aurreko 10 urteetan egindako ibilbide bera izango dela jakinarazi dute Burumendikoek. “Ibilbidea ez da oso zaila, eta probatu nahi duenari etortzeko gonbitea luzatu nahiko genioke. Ibilbide polita da, eta mendian dabilenak ez luke parte hartzeko beldurrik eduki behar. Bakoitza bere erritmora joanda nahikoa errez egiteko modukoa da”.
Txurruka Plazatik irten eta berriro ailegatu bitartean San Juan, Kalbaixo, Arnoko gurutzea, Ameitz, Kostolamendi, Berrosasi, Pikupe eta Galdonatik igaro beharko dute, besteak beste.
Iaz Arnoko X. Mendi Lasterketan parte hartu zutenetako bi helmugan sartzen. Argazkia: Burumendi
Parte hartzaile guztiek jasoko dute saria. Antolatzaileek elastiko bana banatuko diete, eta korrika egiten dutenek gainera, bertoko arrain eta fruta kontserba sorta bat ere jasoko dute.
Lasterketako lehen hiru sailkatuek, bestalde, sariak izango dituztela gogorarazi dute antolatzaileek. Era berean, Mutrikuko lehenak eta beterano mailako lehenak ere, garaikur bana jasotzeko aukera izango dute.
Sari banaketa amaitu eta gero, hainbat produkturen zozketa egingo dute. Parte hartzaile guztiek zer edo zer lortzeko aukera izango dute.
Gure Esku Dagoren ikurrekin
Domekako kirol probari begira, gainera, Mutrikuko Gure Esku Dago dinamikako kideek ekimen berezia martxan ipintzea erabaki dute. “Mendi martxan edota lasterketan parte hartzen duzuenoi Gure Esku Dagoko ikurren batekin parte hartzera gonbidatzen zaituztegu”.