Maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan izandako “porrota” “umiltasun osoz” onartu, eta EAJ zoriondu du, “zintzotasunez”, Lekeitioko EH Bilduk. Hauteskunde eguna pasatuta, emaitzen balorazioa egin du koalizioak, eta 1.905 herritarrek erakutsi dieten konfiantza eskertu nahi izan du. Gogoan izan dituzte bai eta ere oraingoan botorik eman ez dietenak. «Herritarren beste multzo handi bati, oraingotan, ez diegu merezitako konfiantza eskaini, eurei ere, eskerrik asko, benetan. Azken horrek botorik ez emateak eragin digu hausnarketa sakona egin beharra», nabarmendu dute.
Lekeitioko EH Bilduren mitina
Den-dena behar den modura ez dutela egin onartu dute. Hala ere, udalaren kudeaketaren ardura euren gain hartu zutenean, 5 miloiko zorra zegoela gogora ekarri dute eta krisi ekonomikoa gordin-gordinean. Gainera, kudeaketaren eredu eraldatzailea egiten ahalegindu direla azaldu dute, kudeaketa gardena. «Zalantzarik ez dago, ostera, edo ez dugula asmatu edo egindakoa ez dugula jakin behar den modura jakinarazten. Komunikazio arloan, ba, ezintasuna nagusi», zehaztu dute.
EH Bildu Lekeitio: “Zalantzarik ez dago, ostera, edo ez dugula asmatu edo egindakoa ez dugula jakin behar den modura jakinarazten. Komunikazio arloan, ba, ezintasuna nagusi”
Komunikazioa sakon aztertu beharreko gaia da EH Bildurentzat, baina ez bakarra. «Akatsak izan ditugu, egoera kontraesankorrak ere bai, eurak kudeatzeko zailtasunak ezin ukatu».
EH Bilduren ustez, horren guztiaren ondorioz, euren proiektuagaz bat egiten duten herritar asko ez dituzte aktibatu. «Argi ulertu dugu eman diguten mezua. Aurrerantzean, derrigorrez ekin behar diogu hausnarketari, eta ahal den neurrian akatsak zuzendu». Horretarako, herri mailako batzar zabala antolatu dute ekainaren 4rako, 19:00etan, kultur etxean, eta bertan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Jarrera arduratsua
Hurrengo agintaldiari oposiziotik ekin beharko dio Lekeitioko EH Bilduk, eta udal gobernuan egon ez arren, aurrera jarraituko dutela azpimarratu dute. «Ez dezagun ahaztu gure helburua herrigintza dela, eta herrigintza esparru askotatik egin daitekela: udal gobernutik; udaletik, oposizioan egon arren, edo herri mailan, udaletxetik kanpo. Horretarako lan taldeak are grina handiagoagaz ekingo dio».
Argi utzi dute, hurrengo lau urteetako helburua ez dutela izango udal gobernura bueltatzea beste barik, herritarren mesedetan jardutea baino. «Horretarako, oposizio eraikitzailea egingo dugu. Ekimen, neurri edo egitasmo bakoitza zehatz baloratuko dugu, eta EH Bilduren herri ereduari begira hartuko ditugu erabakiak».
Oposizioan jarrera arduratsua izango dutela azpimarratu dute.,«politika hauteskunde-lehia baino serioagoa” dela sinisten dutelako.