Mutrikuko Gure Ametsa dantza taldea 50. urteurren ospakizunekin hasita dago jada. Bihar [maiatzak 30] egingo duten Dantzari Eguna ere ospakizunekin jarraitzeko egun aproposa izango dela iragarri dute dantza taldeko kideek.
Erromeri egun berezia egingo dute, eta herritar guztiak, txiki zein nagusi, eurekin batera ospakizunetan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte. “Egunari kolorea emateko gainera, nahi duenari dantzari jantzita etortzeko deia egiten diogu”.
Gure Ametsa Dantza Taldeko kideak, jaia iragartzen duten kartelekin
Beheko Plazan egingo duten topaketarekin hasiko dute eguna. “Lehengo Osasun Etxean dugun lokalean batuko gara. Hementxe ariko gara zapiak ondo ipintzen, eta denok dotore ipini eta gero, Beheko Plazara jaitsiko gara”.
Guztira, lehengo eta oraingo nagusien dantza taldeko 100 lagun inguru batuko direla iragarri dute. Goiko Plazatik etorriko diren dultzaineroekin batu, eta orduantxe beti-betiko dantza herrikoiak eskainiko dituzte kalerik kale: fandangoak, arin-arinak, zazpi jauziak, txulalai, larrain dantza, polka… azken asteotan gogor entsegatu eta gero, askotariko dantzak plazaratuko dituzte.
Aurtengoa zortzigarren Erromeria Eguna izango dute. Taldeko kideen esanetan, urterik urte jendea gehitzen doa. “Gure Ametsa moduko talde batentzat berri oso pozgarria da erromeria ohitura bihurtu dela ikustea. Urterik urte, jende kopurua gehitzen ari da. Horietatik gehienak, gainera, hasi ginenetik etortzen dira. Guretzat izugarria da urterik urte jende hori guztia plazan dantzan ikustea. Hori da guretzat aberastasunik handiena, egiten duguna kalera ateratzea”.
Iazko euskal erromeria
Bazkal ordura arte, jo eta su dantzan ibiliko dira herritar guztien gozamenerako. Goiko Plazako giroa berotze aldera, gainera, San Jeronimoko talogileek ikusleek dantzak ikusi bitartetan mokadutxo bat dastatzeko aukera emango diete.
Goizeko dantza saioak amaituta, herri bazkaria egingo dute. Miruaitz frontoian 140 lagunetik gora batuko dira, denak ere, urte luzez taldearekin zerikusia izandakoak. “50 urte hauetan guri lotuta lan egin duten guztiak gonbidatu ditugu: dantzariak, irakasleak, talde arduradunak, laguntzaileak, jostunak txistulariak… Denentzako tokia egin dugu bazkaritan”.
Iazko euskal erromeria
Biharko jaiak 50. urteotako ibilbide luzea omenduko du. “Taldea osatu dugun denon eguna izango da, eta ibilbide guzti honetan gurekin egon direnak gurekin batera ospatzea nahi dugu. Gure Ametsa denok gara eta denok izan gara, eta denok merezi dugu omenaldia, lehenengotik hasi eta azkenera arte, maila berean. 50 urtera ailegatzea denon lana izan da. Orokorrean, izan garenak, orain garenak eta datozenak omendu nahi ditugu”.
Ospakizunak, ordea, hasi besterik ez dituztela ere egin jakitera eman dute. Biharko Dantzari Egunaz gain, urte osoan egingo dituzten emanaldietan 50. urteurrena ospatzen jarraituko dute, Gaba Beltza heldu bitartean, zer ospatu edukiko dute dantzari mutrikuarrek. Hurrengoa datorren hilabetean izango da, umeen dantza topaketan.
Dantzari Eguna, egitaraua