Lea Ibarreko aisialdi eskaintza «herritar eta hezitzailearen alde» lan egiteko asmoz sortu du eskualdeko gazte talde batek Kubike aisialdi elkartea. Bertako kideek aurretik udalekuak antolatzen badaukate esperientzia, eta orain, udalekuak antolatzetik haratago doan proiektua ipini dute martxan. Hain zuzen ere, orain arteko aisialdi ereduekin alderatuta, beste eredu baten aldeko apustua egiten dute kideek. Lea Ibarreko begirale eta haurrez osatuta, elkarrengandik ikasi eta elkarrekin gozatzeko.
Herritarrak, Aulestiko Errekonto parkean.
Maite Basterretxea Ibaibarriaga (Munitibar, 1997), Maddalen Ikazuriaga Arriaga (Aulesti, 1990) eta Julen Ansotegi Uskola (Aulesti, 1996) dira egitasmoa abiatu duten gazteetako hiru. Diotenez, «herritik herrirako eskaintzan oinarrituz, beste aisialdi eredu baten aldeko apustua egiten dugu».
Lea Ibarreko begirale eta haurrez osaturiko proiektua da, elkarrengandik ikasi eta elkarrekin gozatzeko helburua duena. Suspertze soziokulturalaren alorrean izaera desberdineko egitasmoak garatzeko asmoa dute. «Beti ere, norberaren garapen integrala jorratzeko aukera ezberdinak eskainiz», zehaztu du Ansotegik.
Hala ere, ez dira hutsetik hasi. Lea Ibarra ingurua ondo ezagutzen dutenez, bertara egokitutako aisialdi egitasmo bat diseinatzeko asmoagaz bildu ziren orain dela pare bat urte Aulestiko eta Munitibarko gazte batzuk.
«Badira urte batzuk gure herri eta inguruan bertotik bertarako aisialdi eskaintzaren hutsunea nabaritzen dugula, eta ezinegon horrek bultzatuta, herritik herrirako aisialdi egitasmo bat martxan jartzeko lanean hasi ginen», azaldu du Basterretxeak.
Egitasmo hezitzailea
Aulestiko Trolebu elkarteagaz harremanetan jarri, eta elkartearen helburuekin bat eginez, Lea Ibarreko udaleku proposamena garatzeko lan talde bat sortu zuten bertako zenbait gaztek eta hezitzailek. Ordutik gaur egunerarte, lan talde hori haziz joan da, eta aisialdi egitasmo hezitzaile eta herritarraren alde lanean aritu dira: «Lea Ibarreko herrietara zabaltzea lortu dugu, eta Aulesti, Munitibar eta Amorotoko gazteak biltzen garen aisialdi elkartea sortu dugu».
Azaldu dutenez, Lea Ibarreko haur eta gazteak inguruko istorio, ohitura, kultura, jolas, kanta eta abarrean heziko dituen egitasmo pedagogiko baten beharra izan zen proiektua abiatzeko arrazoi nagusia. Hala, uztailerako udaleku irekiak eta udaleku ibiltariak prestatu dituzte. Lehenak uztailaren 6tik 24ra egingo dituzte Aulestin, astelehenetik barikura.
Jolastu, ekintza dibertigarriak egin, eta inguru berriak ezagutzeko aukera «ezin hobea» izango da: «Haien denbora librean aisialdi hezitzaile baten parte izateko aukera aparta da».
2 urtetik 12 urterarteko umeentzat izango dira, eta adin tarteetan banatuko dituzte, bakoitzari egokitutako programazioa garatuta. Eta aulestiarrak ez dire- nentzat, garraio zerbitzua ipiniko dute, mankomunitateak ahalbidetuta. Bestalde, 12 urtetik gorako gaztetxoentzako udaleku ibiltaria egingo dute uztailaren 27tik 30era bitartean, Gipuzkoako kostaldetik barrena.
Ikazuriagak azaldu duenez, helburua da gazteek beraiek beraien aisialdia kudeatzea: «Gazteen parte hartzea garrantzitsua da guretzat, eta eurak ere antolatzaile lanetan ari dira».
Udalekuetarako izen ematea datorren astelehenetik ekainaren 12ra egin behar dute interesa daukatenek.
Udaleku irekietarako, ikastetxeetan eman behar da izena. Ibiltarirako, ostera, Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga, Mendexa eta Munitibarko udaletxeetan eman behar da izena.
Bilerak, herriz herri
Gainera, datorren astean, ikastetxez ikastetxe eta herririk herri batzarrak egingo dituzte, egitasmoaren inguruko informazioa eta azalpenak emateko.
Kubike aisialdi elkartearen helburu nagusietako bat haur eta nerabeen heziketa prozesuan «eragitea» dela azaldu dute kideek. Aisialdia esparru «hezitzaile moduan» ulertzen dute, bertan hainbat balore landu eta esperientziak bizitzen baitira. Horregatik, ekimenaren sustatzaileek aisialdi «dibertigarria, sortzailea eta parte hartzailea» eskaini nahi dute.
Elkarlana oinarri
«Aisialdiko bizipenak norberak bere plazer propio bezala bizitzeaz gain, taldean bizitzeko aukera ematea ezinbestekotzat jotzen dugu», nabarmendu du Basterretxeak.
Horretarako, udako egitasmoa beste herri batzuetako nerabeekin partekatzeko asmoa daukate, harreman sare berriak eraiki eta sare soziala indartzeko aukera emanez.
Halaber, bertako eta inguruetako herrietako suspertze kulturala eta aisialdiaren erabilera bultzatzeko helburuagaz dabiltza lanean, «horretarako, baliabide soziokulturalen sorkuntza bultzatuz eta horien garapena eta kudeaketa burutuaz».
Euskal Herriko gizarte, kultura, geografia eta historia arloko elementuetan oinarrituta, askotariko kultur, kirol eta aisialdiko jarduera bultzatuko dituzte.
Hezkuntzan esku hartzea pertsonengan zentratuta egon behar dela azpimarratu dute. Hau da, haur edota gazte bakoitza protagonista bihurtuaz, beraien beharrizanetara egokituta eta aniztasuna oinarri hartuaz.
Garrantzia handia ematen diote elkarlanari; partaideen arteko harremana sendotu ez ezik, elkar ardura eta konfiantza ere bultzatuz. «Gure izaera zein ingurua guztiz euskalduna izanik, euskara hutsean lan egiten dugu, eta gure jarduera zein ekintzen bidez euskara bultzatuko dugu», azpimarratu du Ansotegik.
Batzen dituena indartzeko erabiliko dituzte udalekuak, Ikazuriagak azaldu duenez: «Leatar izaera indartzeko, elkar hobeto ezagutzeko, elkarregaz harremantzeko tresna bihurtu behar ditugu udalekuak, denbora pasa huts bat baino gehiago».
Kubike aisialdi elkarteko partaideek hezkuntza «ez formalean» sinisten dute, aisialdiak eskaintzen duen hezteko eta ikasteko «aukera paregabean», hain zuzen: «Taldean, lagunekin, jolastuz, konpartituz eta ondo pasatuz pertsona gisa aberasten garelako».