Artibai kaleak 50. hamarkadako itxura hartu du berriz ere. Lambretta motorrak, garai hartako bizikletak, autoak, kamioiak… Vega Garajeko erakuslehioa biziberritu egin da, eta era askotako oroitzapenez jantzi du herria.
Vega Garajea margotzen. Argazkilaria: Agustin Arrieta
Gaur egun aparkaleku soil bat bihurtu bada ere, garai batean Vega Garajea Lea-Artibain zegoen garaje bakarretakoa zen. Ibilgailuak konpondu eta haxean ezartzen zituzten. Gainera, gasolindegi zerbitzua ere eskaintzen zuen; ate batetik sartu, gasolina bota eta bestetik irtetzen ziren ibilgailuak erregai-tanga bete-beteta.
Bestalde, Lambretta motor italiar ezagunak ere saltzen zituzten. Hantxe egoten ziren, erakusleihoan ikusgai, diru apur bat zutenek noiz erosiko. Gida baimena ere, motorragaz batera eskuratu zitekeen gainera. Herri erdian dagoen Zelaiari buelta bat eman eta kitto, gida baimena eskuan izaten zuten erosleek.
Istorio guzti horiek eta gehiago zurrunbiloan dabiltza Markina-Xemeingo kaleetan Ane Arakistainek Vega Garajeko erakusleihoa margotu duenetik.
Ez da margoketa soila izan. Lau bat hilabeteetako ikerkuntza egin dute aurretik Arte Ederretako lizentziadunak eta bere laguntzaile Sergio Onaindiak.
Originala
Horma irudi soil bi egin beharrean eraikinaren aurrekaldeari ere lehengo itxura eman diote marra zuri gorriak margotu eta azpian zeuden letrak ere bistaratuta. Guztia da jatorrizkoa, bai eta erabili dituzten koloreak ere; aurrekaldea garbitu zutenean agertu zen ezkutuko guztia.
Lanbretak eta bizikleta agertzen diren horma-irudia. Argazkilaria: Agustin Arrieta
Irudiak egiteko herriko jende nagusiari galdetu diote zer gogoratzen duen eta ea argazkiak zeuzkaten. Garajearen jabeek dena galdu zuten 1983ko uholdeetan, eta beraz, beste batzuengana jo dute. Horrela, irudikatu dituzten Lanbretta, bizikleta, auto eta kamioia herrian egondakoak dira. Bai eta Ondarroatik Bilborainoko ibilbidea egiten zuen La Esperanza autobusa ere. Autobus horretan zutik ere joaten zen jendea hondartzara, atzekaldean zuen begiralekuan.
Guztira, bost ibilgailu ageri dira irudietan: motor bi, bizikleta bat, auto bi, kamioia eta autobusa. Irudikatu duten Lanbretta markina-xemeindar batena da. Vega Garajean erosi zuen, eta erakusleihoan dago berriz ere. Bestalde, Markina-Xemein osoan bi taxi zeuden garai hartan eta Vega familiakoenak ziren biak; euretako bat ageri da garajearen barruan. Arrieta familiaren kamioiak, 9 telefono zenbakiagaz, eta beste auto batek osotzen dute multzoa.
Ibilgailuen alboan, pertsona bakarra. Markina-Xemein osoak ezagutzen duen Fernando Arriaga
Pitis. 15 urtegaz sartu zen beharrera garajera, eta bertan erretiratu zen. Denetarik egin zuen bertan, laguntzaile modura: bizikletak konpontzen, ibilgailuei gasolina jartzen…
Garaje barrura sartu zuen Ane Arakistainek, irudikatzeko, eta jarrera berberean margotu du, omenaldi txiki baten modura. «Horrenbeste urte bertan eginda, derrigorrez agertu behar zen», dio.
Xehetasunik ez da falta. Halan da ze, gasolina hornigailua ere, berdin-berdina da. Inongo argazkirik ezin izan dute aurkitu, baina, azalpenen laguntzagaz, eta garajearen jabeei galdetuta egin ahal izan du Arakistainek.
Ibilgailuen horma-irudia. Argazkilaria: Agustin Arrieta
Horma-irudia egiterakoan jarri duen ilusioa eta ahalegina herritarrengana ailegatu da. 50. hamarkada hartako garajearen muina zintzo mantendu dute, duda barik, eta jende nagusia hunkitzea lortu du. Artibai kalean gora edo behera doazen guztiak gelditzen dira horma-irudien parean, bista aurrerantz dutela baina begirada atzerantz jarrita.
Ideia
Vega Garajekoa baina, ez da herriko horma-irudi bakarra. Markina-Xemeinen badago horma-irudi mitiko bat, Homo sapiensaren garapenarena. Udalaren ekimenez, Juanjo eta Mila Txurrukak, Ane Arakistainek eta Sergio Onaindiak Arretxinagako bidegurutzeko horma-irudia berriztu zuten 2014ko udan. Horma-irudia 1978 aldera egin zuten, Lemoizen aurkako mugimendua puri-purian zegoela. Bere egilearen izena besterik ez da ezagutzen, Unai, eta Berrizen bizi zela. Horma-irudi gehiago ere egin zituen, tartean Berrizen bertan, trenbidearen ondoan, gaur egun desagertuta dagoen bat.
Markina-Xemeingo horma-irudiak hiru zati ditu: lehenengoan, gizakiaren eboluzioa ageri da, desastre nuklearrera arte; bigarrenean, desastrea bera, mutazioak barne; eta hirugarrenean Iberdueroko hegazkina, dolarrez beteta, nonbaitera doala burezurrez eginiko Euskal Herriaren maparen gainetik.
Denboraren poderioz, horma irudia zaharkituta geratu zen, eta berreskuratzea erabaki zuten iaz. Lanaren emaitza onak, bide berriak zabaldu ditu, eta kale berean dagoen Vega Garajeraino heldu da Artibai kalea suspertzeko egitasmoa.
Lanbretta motorrak horma-irudiaren aurrean. Argazkilaria: Agustin Arrieta