Xabier Irujo historialari eta Renoko Unibertsitateko (Nevada, Ameriketako Estatu Batuak) euskal ikerguneko zuzendariak Bonbardaketak Hego Euskal Herrian 1937ko udaberrian hitzaldia eskainiko du bihar, 12:00etan, Lekeitioko Azkue aretoan. Berbaldian Euskal Herria bonbardatzeko egon ziren 650 aginduren inguruan hitz egingo du Irujok; Lekeitio eta Gernika-Lumoko bonbardaketen nondik norakoak azalduko ditu.
1936ko urriaren 22a zen lehenengo bonba Lekeition lehertu zenean. Hortik aurrera, jario «etengabea» izan zela dio Irujok. «10 urte baino gehiago daramatzat Euskal Herrian egin zituzten bonbardaketak aztertzen. Guztira, guk dakigunez, 650 bonbardaketa agindu egon ziren, gehiago ere bai akaso».
Bonbardaketak, baina, estrategia zutela oinarri dio. «Bonbak ez zituzten nolanahi botatzen. Estrategia jakin bat zuten. Gernika-Lumon, esaterako, estrategia berria probatu zuten; Gernikakoa esperimentua izan zen».
Bonbardaketak ulertzea, baina, zaila dela dio. «Logika aldetik oso zaila da bonbardaketak ulertzea. Gure buruan ez da sartzen hilketak eragitea eta haiena hori zen».
Transmisioa
Bonbardaketetako biktimekin elkarrizketa asko eta asko izan ditu Irujok. «Beste askok ez dute hitz egin nahi izan ere. Eta hitz egin dutenen artean, ez da inor egon negarrez amaitu ez duenik». Biktima horien sufrimendua ulertzeko, gainontzekook bizi izan zutena ulertu eta aldi berean sentitu egin behar dugula dio». Eta sentimendu horiek belaunaldiz belaunaldi transmititzea ere ezinbestekoa dela dio. «Kontatzeaz gain, sentimendu horiek ere helarazi egin behar dira».
Euskal Herriaren aurka «gutxienez» 650 bonbardaketa agindu egon zirela ere aipatuko du. «Guk dakigunez, horrenbeste egon dira, eta gehiago ere egongo dira, baina guk frogatu ahal ditugunak horretxenbeste dira».
Izan ere, bonbardaketa aginduak «egunero» bidaltzen zirela dio Irujok. «Emilio Mola eta Alfredo Kindelan Francoren konfidantzazko generalek eman behar zituzten bonbardaketa aginduak eta haiek gunero ematen zituzten. Guk agindu horiek jasota ditugu». Dena dela, Molak eta Kindelanek agindu zehatza emanda ere, bonbardaketak beste leku batzuetan ere egin zituztela dio Irujok. «Kasu batzuetan gertatzen zen, agindutako gunea ezin zutela bonbardatu, hodeiak edota dena delakoak ez zietenelako uzten. Pilotuek ez zuten nahi izaten bonbekin lur hartu eta horregatik beste lekuren baten botatzen zituzten. Horregatik diot, agiriak ez badaude ere, beste hainbat leku bonbardatu zituztela, Sopela esaterako».
Irujok bonbardaketen atlasa eraiki nahi du eta horregatik ikertzen du eta jarraituko du. «Nire lana kuantitatiboa da».