Mutriku FT Ohorezko mailako taldea izango da datorren denboraldian
Zapatuan Oriori 0 eta 1 irabazita goragoko mailara igotzea lortu dute Mutriku Futbol Taldeko nagusiek. Gogotsu ospatu dute igoera, bai taldeak bai eta zaletuek ereAurreko zapatuan Orioren aurka 0-1 irabazi eta gero, Ohorezko mailara igotzea lortu dute ...
Zapatuan Oriori 0 eta 1 irabazita goragoko mailara igotzea lortu dute Mutriku Futbol Taldeko nagusiek. Gogotsu ospatu dute igoera, bai taldeak bai eta zaletuek ere
Aurreko zapatuan Orioren aurka 0-1 irabazi eta gero, Ohorezko mailara igotzea lortu dute Mutriku Futbol Taldeko nagusiek. Jon Naberan klubeko presidentearen iritziz, «merezitako garaipena» lortu du taldeak. «Oso pozik gaude. Zelaian gure taldea nagusi izan zen, eta jokalariek euren jokoa egiteko aukera izan zuten».Biek ala biek intentsitate handiko partida jokatu zuten Orioko Mendibeltz futbol zelaian. Aurreko astean joaneko partidan Mutrikun husna berdindu eta gero, dena airean zegoen, eta mutrikuarrek igoera hurbilago bazuten ere gogotik saiatu behar izan zuten.
Partida gogorra eta oso lehiatua izan zen. Mutrikuarrek gol aukera asko izan bazituzten ere, gola sartzea ez zen lan erraza izan. Lehen zatian, esate baterako, epaileak gol bat baliogabetu zuen, jokoz kanpo zeudelako. Naberanen esanetan, tantoa lortzea ez zen lan batere erraza izan. «Oriokoen atezainak oso lan ona egin zuen, eta gogor saiatu baginen ere, gola sartzea behin bakarrik lortu genuen».
Partidako gol bakarra Jon Perrasek egin zuen bigarren zatian. Golaren ondoren, zoramena nagusitu zen Mendibeltzen. «Lehen gola indargabetu eta gero, epaileak gola zela ziurtatu arte nahiez ospatuta egon ginen. Gola sartuta nahikoa lasai geratu ginen. Oraindik ere ez zegoen ezer irabazita, baina garaipena hurbilago ikusten genuen, eurek gurekin berdintzeko bi gol sartu behar zituzten eta».
Partida amaitu orduko, jokalariek eta zaleek gogotsu ospatu zuten igoera Orioko berdegunean. Taldeko hainbat zale ere Oriora joan ziren, eta haiek ere zer gozatu izan zuten. Bi autobus jendez bete-beteta joan ziren, eta horiez gain, jendea bere kontura autoan ere joan zen taldea animatzera. Zaleen babesak sekulako indarra eman zien jokalariei.
Iluntzean Mutrikura bueltatzean, luzatu egin zen ospakizuna. Jokalariak eta talde teknikoa kamioian jaitsi ziren Txurruka Plazara, zaleen gozamenerako, eta udaletxeko balkoitik agurtu zituzten herritarrak gero.
Giro onean amaitu zituzten ospakizunak taldekoek eta zaleek. «Zuzendaritza taldeko kideok jokalariekin batera afaria egin genuen, eta ordu txikiak arte ospatzen aritu ginen».