Kamiñazpiko jaiak ate joka datoz
Bihar arratsaldeko txupinazoak emango die hasiera jaiei. 'Playback' lehiaketak plaza betetzea espero dute. Zea Mays talde bilbotarrak etzi zapalduko du oholtza gaineaBihartik hasita, bi egunez jai egitarau oparoagaz gozatzeko aukera egongo da Kamiñazp...
Bihar arratsaldeko txupinazoak emango die hasiera jaiei. ‘Playback’ lehiaketak plaza betetzea espero dute. Zea Mays talde bilbotarrak etzi zapalduko du oholtza gainea
Bihartik hasita, bi egunez jai egitarau oparoagaz gozatzeko aukera egongo da Kamiñazpi auzoan. Beti-betiko jaiak egongo dira aukeran, eta urtero legez, ez da giro onik faltako. Antolatzaileek auzotar, herritar eta inguruko denak gonbidatu dituzte.Bihar arratsaldean parkean botako duten txupinazoak jaiei hasiera ofiziala emango die, eta ordutik, auzoko txoko guztiak beltzez eta horiz jantziko dira.
Iluntzean egingo den Playback lehiaketak Kamiñazpiko parkea jendez betetzea espero da, beste behin ere. Antolatzaileek aurreratu dutenez, hamar bat taldek parte hartuko dute. «Herritarrei asko gustatzen zaien momentua izaten da, eta eguraldiak laguntzen baldin badu, parkea bete-bete egingo da. Euririk ez egitea espero dugu».
Paellak nonahi
Gaua herriko DJen emanaldiekin amaituko dute. Lehen orduak DJ Elepuntok girotuko ditu, eta haren atzetik Alain, Xuban eta Koldo DJak ariko dira. Ordu txikiak arte, herritarrek gerriak astintzeko aukera izango dute.
Jaien azken txanpari dagokionez, pala txapelketagaz eta bizikleta ginkanaz hasiko dute zapatua. Pala txapelketan parte hartu nahi dutenek, aurretik eman beharko dute izena Amarratzan. «Nahikoa talde ari dira izena ematen. Lehiarik ez da faltako».
Eguardian kuadrilla bakoitzak paellak nahi moduan prestatu ostean, han-hemenka jarrita paella janean batuko dira auzotarrak. Aitor Mendiluze eta Agin Laburu bertsolariek girotuko dute bazkalondoa, eta nahi dutenek, bikoteka musean aritzeko aukera ere izango dute.
Kontzertu ugari
Eguna kontzertuekin eta musikarekin amaituko dute. Urtero talde ezagunen batek jotzen du jaietan, eta aurten, Zea Mays talde bilbotarraren txanda izango da. «Jendea desiatzen dago taldeak Kamiñazpiko plazan jotzeko. Horrelako talde ospetsu bat herrian izateagaz pozik gaude». Bilbotarrez gain, Nagore eta Txomin Lasarte aita-alabek euren lehenengo diskoa jendaurrean aurkezteko aukera izango dute, estreinako.
Galtzontzilo eta pantaloi lasterketagaz agurtuko dituzte jaiak domeka goizaldean. «Ea aurten neska gehiagok parte hartzen duten. Galtzontzilo ugari ikusten dira, baina pantaloi gutxi».
Beste alde batetik, antolatzaileek auzokoei eta auzokoak ez direnei eskari berezi bat egin nahi izan diete. «Nahi duenak pintxoak prestatzen lagundu dezake. Etxean pintxoak prestatu, eta, ostean, txosnetan banatuko ditugu. Horrez gain, gugaz batera txosnan txandak egitera animatzen bazarete, ongietorriak izango zarete».