2013ko azaroan, Cardañori babesa erakusteko Munitibarren egindako elkarretaratzea.
Munitibarko bizilagunari 2001ean Bilboko Santutxu auzoan kutxazain batzuen kontra egindako erasoa leporatzen diote.
Hasiera batean, Fiskalak 5 urteko kartzela zigorra eskatu zuen, eta defentsaren abokatuak, ostera, absoluzioa. Hala ere, 2001eko gertakaria izanik, 2014ko amaieran epaitu zutenez, Auzitegi Nazionaleko Angela Murillo epaileak bost urtetik hiru urtera jaitsi zion zigorra.
Orduan, epaiarekin ados ez zegoenez, Auzitegi Gorenera jo zuen Cardañok.
Gaur bertan jaso du bere abokatuaren bitartez Auzitegi Gorenak epaia berretsi duenaren erabakia. Epaia irmoa denez, zigorra bete beharko du.
Lea-Artibaiko bizilagunaren berbetan, “espetxera bueltatzea ez da xamurra, ez niretzat ezta ingurukoentzat ere, baina, bagenekien hau gerta zitekeela; Espainiako justitziak joko makabroa erabiltzen du euskal herritarrak zigortzeko”.
Orain, argi du bere burua ez duela entregatuko, eta bere bila noiz agertuko diren jakiterik ez dago: “Edozein momentutan etorri daitezke etxera, edo kalean nabilela gelditu, eta eraman”.
Cardañoren abokatuak azaldu duenez, “epaiak zigorra berretsi bai, baina, inabilitazio absolutua bertan behera utzi du, hau da, ez dute inabilitatzen”.
Hain zuzen ere, abokatuak azpimarratu du, euskal herritarrei ezartzen zaien “salbuespeneko legediaren” adibide garbia dela hori. Izan ere, berez, inabilitazioa bertan behera uztearen ondorioz, zigorra balio gabe geratu beharko litzateke. “Horregatik, uste dugu, Auzitegi Gorenaren epaian kontraesan esanguratsua dagoela; egitate hauek Euskal Herria ez den beste leku batean gertatu izan balira, delitua preskribatuta egongo litzateke, eta ondorioz, absolbitu egingo lukete”.
Orain Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalari bidaliko dio epaia, eta azken horri dagokio zigorra bideratzea, hau da, nola aplikatu erabakitzea. Hortaz, orain “aukera guztiak zabalik” daudela dio abokatuak. Alde batetik, posible da auzitegiak zitazioa etxera bidaltzea, eta kartzelan bere burua aurkezteko epe jakin bat zehaztea, edo baliteke, kalean edo etxean bertan polizia agertu eta atxilotuta eramatea.