Formatu txikiko ikuskizun handiak prestatu ditu Abarka antzerki taldeak
'Abarka Shortak' izeneko proiektu berria estreinatuko du Markina-Xemeingo antzerki taldeak, gaur gauean, Uhagon kulturgunean. 15 edo 20 minutuko hiru obra diraAzken aldian entzutetsu bihurtzen hasi diren mikro antzerkietara jauzia eman du Abarka antzer...
‘Abarka Shortak’ izeneko proiektu berria estreinatuko du Markina-Xemeingo antzerki taldeak, gaur gauean, Uhagon kulturgunean. 15 edo 20 minutuko hiru obra dira
Azken aldian entzutetsu bihurtzen hasi diren mikro antzerkietara jauzia eman du Abarka antzerki taldeak. Biba Zorrixen Izurritie antzezlanaren ondoren, formatu txikiko antzezpenak prestatu ditu Markina-Xemeingo taldeak. Gaur estreinatuko dute Abarka Shortak proiektu berria, Uhagon kulturgunean. Antzerki bakarra barik, hiru mikro antzerki izango dira oraingoan. 15 eta 20 minutuko hiru obra dira: Konposta operazioa, Hilean behin eta Spagarroza.Zer edo zer erraza egitea zuten asmoa, baina, «betiko modura», ideiak kateatzen eta egitasmoa korapilatzen joan zitzaien Abarka antzerki taldekoei. Zer edo zer euren kabuz eta talde txikietan egitea erabaki zuten, eta horrela, hiru taldetan banatu dira, eta hiru antzezpen labur prestatu dituzte. Gidoiak Abarkakoenak dira, talde bakoitzak berea pentsatu du; azken ikutuak egiteko, baina, Ander Lipus aktore eta zuzendariaren laguntza eduki dute.
Hiru antzezpen eta hiru gune dira. Ikuslea izango da, baina, mugituko dena antzezpenak ikusteko. Horrela, ikusleak Uhagon kulturgunera joaten direnean talde ezberdinetan banatuko dituzte: gorriak, urdinak eta berdeak. Gidari batek zuzenduko ditu taldeak dagozkien gunera. Ikusle bakoitzak hiru obrak ikusiko ditu, baina txandaka, bata bestearen ostean. Hau da, lehenengo bata, gero bestea eta azkenik hirugarrena. Emanaldi batetik bestera, Uhagoneko kafetegian batuko dira ikusleak hu- rrengo antzezpenera joan aurretik. «Ez da galtzeko arriskurik egongo, gidari batek eramango du publikoa dagokion lekura».
Abarkakoek hiru bider egingo dute antzezpena gela edo gune berean, publiko ezberdinagaz. Ikusleek jartzeko aukera izango dute. Izan ere, gune bakoitzean 50 bat jarleku ipiniko dituztela aurreratu dute Abarka antzerki taldekoek, eta behar balira eta lekua badago bai eta gehiago ere.
15 minutu inguruko ikuskizunak dira hirurak, umorez eta dramaz jantziak, eta bata eta bestearen artean guztiz desberdinak.
Horrelakoak izaten dira mikro antzerkiak, gune txikietan eta publiko gutxi bati zuzendutako antzezpenak. Ikusleak hurre-hurre izaten ditu aktoreak, eta, beraz, obrak ikusi eta bizi egingo dituzte Uhagonera doazenek. Emozioa biderkatu egingo da.
Kopuru mugatua
21:30ean hasiko dira antzezten, baina era horretako antzerkien berezitasuna dela eta, kulturgunean aurretik egotea gomendatu dute Abarkakoek. Sarrera borondatearen truke izango da; publikoak nahi duena utzi ahal izango du, «kulturak merezi du- ela uste duena».
Antzezpenak gune txikietan izango direnez, kopurua mugatua izango dela ere ohartarazi dute antzerki taldekoek. Guztira 150 bat lagunentzako lekua egongo da, eta sarrerak aldez aurretik hartu ahal dira Uhagon kulturgunean bertan. «Gaurko ere gorde ditugu batzuk, baina ez dira asko izango».
Beste emanaldi batzuk ere aurreikusita dauzkate Abarkakoek. Ekainaren 7an Azkoitian egongo dira, eta ekainaren 19an, berriz, Oreretan.