2013ko abuztuaren 30ean jaio zen Ondarroako
Gabeko Izarrak aldizkaria.
Josu Martin Etxebarria (Eibar, 1976)
aldizkariko zuzendariak urtebeteko tartean izandako gorabeheren berri eman du.
Aldizkaria sortu zenuenetik urte bete pasatu da. Zelan sentitzen zarete?
Urtebete egin ditugula eta, pozez gainezka gaude. Gainera, urtebeteko ibilbide honetan zorrik ez edukitzea oso pozgarria izan da guretzat. Gauzak ondo egin ditugunaren irudipena daukagu. Tarte txiki horretan, talde berri asko mantentzea zaila izaten da, lehen urteetan zailtasun ekonomiko handiak egoten direlako. Gauzak ekonomikoki ondo egiten baziren, aurrera egin ahal genuela jakin bagenekien. Hemendik aurrera datorrenari aurre egiteko ere, gogotsu gaude.
Zelako maiztasunagaz argitaratzen duzue Gabeko Izarrak?
Hiru hilabetetik behin ateratzen dugu aldizkaria. Hau da, urtean lau bider. Aldizkaria, gainera, zenbakitik zenbakira aldatzen joaten da.
Zelan aldatzen da ba?
Aldizkarietan mantenten ditugun hainbat atal ditugu, baina beste batzuk aldatzen joaten gara zenbakiz zenbaki.
Ze atal mantentzen dira?
Aurrez aurre deitzen den elkarrizketa, esate baterako, beti agertzen da. Horrez gain, erreportajea ere egiten dugu. Azken zenbakian, esate baterako, nik neuk pertsonalki asko estimatzen dudan pertsona bati buruzko erreportajea egin dugu.
Zeini buruzkoa?
Augustin Zubikarai bizirik zegoen artean ez nuen berari elkarrizketarik egiteko aukerarik eduki, eta orain, erreportaje honekin, omenaldi txiki bat egin nahi izan diogu.
Atal horiez gain, beste atal finkorik ba al duzue?
Bai. Radixu Irratiako programazioa ere beti agertu ohi da. Bertan, besteak beste, aurretik egindako irratsaioak gogoratzen ditugu. Radixuko atalak, gainera, aldizkariari berari bizitasuna ematen diola iruditzen zaigu. Horiez gain, herriko kondairak deritzotenak ere idazten ditugu. Azken zenbakian, esate baterako, Ondarroako Historia Zaleen laguntzagaz, añen historia kontatzen dugu. Azkenik, Olgetan deitzen den atala ere agertu ohi da.
Zertan datza atal hori?
Ondarroako Txirrimorraski Denbora Libre Taldeak beti denbora pasak prestatzen dizkigu.
Urtebete honetan zenbat zenbaki kaleratu dituzue?
Urteurren egunagaz bat eginda, hirugarren zenbakia kaleratu da.
Eta urteurren jaiak izan zuen erantzunagaz «nahikoa pozik» zaudetela agertu zenuten urtemuga osteko egunetan…
Bai, egia esan, erantzun polita izan zuen, baina, beharbada, ez zen behar beste jende enteratu.
Eta hori?
Herria guztian zehar kartelak ipini genituen, baina, dirudienez, ez zen nahikoa izan. Jende asko harrituta etorri zitzaigun. Askok ez zuten jakin urteurreurrena betetzen ari ginenik ere. Turrun pila bat jo genituen, eta, beharbada, herritarrak zer edo zer aztoratu ere egingo ziren. Hurrengo urtera begira, hobeto egin beharko ditugu gauzak, jende gehiago enteratu dadin. Badakigu lehenengo urtea izan dela, eta jende gutxi enteratu dela, baina nik uste dut jendea, pixkanaka-pixkanaka hurrengo urterako deia zabaltzea lortuko dugula.
Zer dela-eta jo zenituzten hainbeste turrun?
Errege Eguneko desfilea hastera doala jakin arazteko bi bidar sei turrun jotzen dira, eta guk ere hori egitea pentsatu genuen. Batez ere, herriko jendea horrenbeste ez aztoratzeko eta ez arduratzeko pentsatu genuen hori egitea, baina, azkenean, kontrakoa gertatu dela dirudi.
Urteurren jaiagaz, gainera, buruhandiak Kale Handin ikusi dira, berriro.
Bai, urteurren jaiagaz Kale Handiko jaien eredua berreskuratu nahi izan dugu. Geure buruari jaia non egin genezaken galdetu genion, ‘eta non hobeto Kale Handin baino!’, esan genuen guztiok aho batez.
Urteurren jaialdian herriko talde askok parte hartu al dute?
Bai, eta hori oso eskertzekoa da. Urteurren jaialdiak iraun duen bi egunetan hainbeste taldek parte hartu dute; denek, gainera, musutruk. Eskerrak eman nahi dizkiegu APRE kultur taldeari, buruhandi jantzi direnei, Artelani, Zirkin DJari, bertso taldeari, trikitilariei, Maddi kafetegiari luntxa antolatzearren, eta jaian parte hartu zein antolakuntzan lagundu ziguten beste hainbeste jenderi. Latxanbreri ere gure esker beroenak eman nahi dizkiogu. Han egon behar zuen dantzan egiten, baina osasun arazo batzuk direla eta, ezin izan zuen egon.
Urteurren jaia eginda, laugarren zenbakiaren prestaketan ere hasiko zineten ba.
Gabon inguruan aterako dugun laugarren zenbakia prestatzen orain hasiko gara. Oraindik ere ez dugu erabaki zenbaki horretan edukiko ditugun gaiak. Hori bai, Aurrez aurre atalean Bittore Lakari omenaldi txiki bat egin nahi diogu. Horrez gain, gure urteurren jaialdia gogoratzen duen zer edo zer ere egingo dugu.
Aldizkaria prestatzea gaitza da?
Ez da hain gaitza izaten. Hilabete eta erdiko lana izaten da, eta beste hilabete eta erdian, maketatu eta inprentara eramaten da. Guretzat ez da bat ere estresagarria. Tartean tarteko, hiru batzar egiten ditugu, eta aldizkariaren nondik norakoak erabakitzen joaten gara. Aldizkaria entretenigarria izatea nahi dugu. Era berean, buruari buelta nahikoa eman behar izaten dira dibertigarria izan dadin.
Zenbat alde ateratzen dituzue?
Hasiera batean 200 ale ateratzen genituen, baina jendearen erantzun ona ikusita, ale gehiago ateratzea erabaki genuen.
Azkar amaitzen al dira?
Bai, nahikoa azkar. Denda batean, esate baterako, 50 zenbaki eraman dituzte, eta golpean 14 ale saldu dituztela esan digute. Horrez gain, aurten, bazkidetzak ere atera ditugu, berritasun modura.
Zenbat denborako bazkidetza da?
Urtebeteko bazkidetzak atera ditugu. Bazkide egiten direnei aldizkariak erreserbatuta edukiko dituztela ziurtatzen diegu, urteko 9 euroren truke.
Eta bazkideek aldizkaria etxean jasotzen al dute?
Ez. Gure kasuan, bazkideari txartel bat egiten diogu, eta agiri horregaz berak aurretik aukeratu duen dendan jaso ahal dezake aldizkaria.
Non jaso daiteke aldizkaria?
Zurrumurru, Kurike eta Idiakez liburudendetan, edo Kale Handiko Ana janari dendan.
Zelan egin daiteke bazkidetza?
Kanpaina itxita daukagu, baina datorren urteko uztaila bueltan berriro egitea espero dugu.