Domekan [ekainak 7] Mutrikun irabazita, emakumezkoen Gipuzkoako Traineruen Ligako lehen estropada eskuratu du Orioko taldeak. Parte hartu zuten sei traineruetatik azkarrenak izan ziren horiak erlojupean, eta Mutrikuko I. bandera “erraz” eraman zuten.
Hain zuzen ere, Hibaikako traineruari (bigarren sailkatua) tarte ederra atera zien; 11 segundo eta 10 ehuneko. Sailkapen orokorrean atzetik izan ziren: Zarautz-Getaria, Donostiarra, Hernani eta Oiartzun.
San Juan eta Zumaia, ordea, ez ziren Mutrikun izan, Espainiako trainerilla txapelketa jokatzen ari zirelako Santanderren (Kantabria, Espainia).

Orioko arraunlariak Mutrikuko banderarekin. Argazkia: Joxe Mari Olasagasti
Gizonezkoei dagokionez, Mutrikuko XVI. bandera Hondarribiarentzat izan zen. Estropadan parte hartu zuten hamalau traineruetatik azkarrena Ama Guadalupekoa izan zen.
Hondarribiako taldeak sasoiko dagoela erakutsi zuen, eta aurkarien aurretik ibili ziren estropada osoan. Bertoko taldeei dagokionez, Isuntzak laugarren amaitu zuen denboraldi-aurreko bigarren estropada, eta Ondarroak, zortzigarren.