San Juan eta Santa Katalina auzoen arteko pasealekua egiteko diru laguntza jaso du Lekeitioko Udalak
Bizkaiko Foru Aldunditik 432.663,15 euro jaso dituzte eta Itsasertz Mugarteak milioi bat euro inguruko inbertsioa egingo du. Horregaz, auzo bien arteko eraberritze integrala eta pasealekua egingo dituzte.

San Juan eta Santa Katalina auzoak elkartuko dituen eraberritze lana eta pasealekua egingo dituzte. Argazkia: Lekeitioko Udala
“2014ko irailean Madrilen egindako bileran, ministerioko ordezkariek, 2014ko itsasoaren enbatak sortutako kalteak konpontzeari lehentasuna eman zioten. Modu horretan 2015eko larrialdiko laguntza bat eskaini zaio Lekeitioko eremu horri”, azaldu du udalak. Gainera, oinezkoen aisialdirako pasealekuaren proiektuari onarpena eman eta honen egokitzapena eta udalak egindako kudeaketa “oso positiboki” baloratu zutela zehaztu dute. “Proiektuan, egun dauden bideak konpontzea eta espazio publikoa berreskuratzeko pausuak zehazten dira, berreskurapena modu jasangarrian egin eta ingurugirora moldatuta egongo da”.
Eremu guztia naturalizatzea dute helburu. “Dagoen lekuetan bertoko landaredia babestu eta ez dagoen lekuetan landatzea proposatzen da”. Udalaren helburuak inguru guztian segurtasuna bermatzea, aisialdirako espazioa irabaztea, eremua ikuspegi ekologikotik berreskuratzea eta etorkizunean etorriko diren itsasoko ekaitzen aurrean neurriak hartzea direla azaldu dute. “Obrarako irizpideak ezarrita daude eta beharrezko dirua lortuta. Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Itsasertz Mugarteak jarri dute dirua”.
Obra hasita dago, Itsasertz Mugarteak eta Lekeitioko Udalak burutuko dute, “aurretik adostutakoaren arabera”, eta urte amaierarako lanak amaituta egon behar direla aurreratu dute.
2014ko denboraleak sortutako kalteak ikusita lan ezberdinak egin dituzte. Lehenengo azterketa geologiko bat egin zuten ingurua zelan zegoen jakiteko eta kalteen balorazio bat edukitzeko, eta behin behineko segurtasun neurriak hartu zituzten. Ondoren, azterketa geoteknikoa eskatu zuen udalak eta itsaslabarra zelan konpondu eta interbentziorako proiektu bat idatzi zuten. Udalak egindako proiektuak Lekeitioko itsaslabarraren berehalako egonkortzea eta konpontzea zehazten duela nabarmendu dute.