Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza lortu du udalak pasealekua egiteko
Ia 433.000 euro jasoko dituzte aldunditik. Itsasertz Mugarteak milioi bat euro inguruko inbertsioa egingo du. Eraberritze integrala egingo dute San Juan eta Santa Katalina artean2014ko denboraleen ostean egindako kudeaketen emaitzak jasotzen hasi da Le...
Ia 433.000 euro jasoko dituzte aldunditik. Itsasertz Mugarteak milioi bat euro inguruko inbertsioa egingo du. Eraberritze integrala egingo dute San Juan eta Santa Katalina artean
2014ko denboraleen ostean egindako kudeaketen emaitzak jasotzen hasi da Lekeitioko Udala. Bizkaiko Foru Aldunditik 432.663,15 euro hartu dituzte, eta Itsasertz Mugarteak milioi bat euro inguruko inbertsioa egingo du. Horregaz guztiagaz, San Juan eta Santa Katalina auzoak elkartuko dituen eraberritze integrala eta pasealekua egingo dituzte.«Iazko irailean Madrilen egindako bileran, 2014ko itsasoaren enbatak sortutako kalteak konpontzeari lehentasuna eman zioten ministerioko ordezkariek. Modu horretan, 2015eko larrialdiko laguntza bat eskaini zaio Lekeitioko eremu horri», azaldu du udalak.
Gainera, oinezkoen aisialdirako pasealekuaren proiektuari onarpena eman, eta horren egokitzapena eta udalak egindako kudeaketa «oso positiboki» baloratu zutela zehaztu dute: «Proi- ektuan, gaur egun dauden bideak konpontzea eta espazio publikoa berreskuratzeko pausoak zehazten dira, berreskurapena modu jasangarrian egin eta ingurumenera moldatuta egongo da».
Eremu naturala
Eremu guztia naturaz janztea dute helburu. «Dagoen lekuetan bertoko landaredia babestu eta ez dagoen lekuetan landatzea proposatzen da».
Udalaren helburuak inguru guztian segurtasuna bermatzea, aisialdirako espazioa irabaztea, eremua ikuspegi ekologikotik berreskuratzea eta etorkizunean etorriko diren itsasoko ekaitzen aurrean neurriak hartzea direla azaldu dute. «Obrarako irizpideak ezarrita daude, eta beharrezko dirua lortuta. Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Itsasertz Mugarteak jarriko dute dirua».
Obra hasita dago; Itsasertz Mugarteak eta udalak egingo dute, eta urte amaierarako amaituta egon behar direla aurreratu dute.