Ingurukoek “bere burugogorkeriagatik” finalista ikusten zuten hasiera batetik, eta 29 egunez gorriak eta bi bizi ondoren,
Maixa modura ezagunagoa egin den Eritz Egaña Beristainek (Mutriku, 1988) lortu du aurten
El conquistador del fin del mundo saioko ikurrina.
Zelako esperientzia izan da?
Pertsonalki, esperientzia aberasgarria izan da. Betidanik programako jarraitzailea izan naiz, eta nire ametsetako bat zen abentura hau bizitzea. Ehunka lagunen artean aukeratuta izatea izugarria izan da, zortekoa naiz. Irabaztea baino, parte hartzeko aukera soila izatea garrantzitsua iruditu zait.
Esperientziak berak zer erakutsi dizu?
Fisikoki eta psikologikoko norbere muga non dagoen frogatu ahal izan dut, eta horrek norbere burua oraindik eta gehiago ezagutzeko aukera eman dit. Egia esan, ez naiz pazientzia handikoa, eta esperientziak, beharbada, pazientzia gehiago edukitzen erakutsi dit. Era berean, gauza txiki asko gehiago baloratzen ikasi dut. Gauza askoren eskasia dagoenean, berebiziko garrantzia hartzen dute eguneroko gauza txiki horiek.
Hirugarrenean hartu zaituzte. Baiezkoa jaso zenuean, zelakoa izan zen?
Galbaixo jaietako bezperan baiezkoa eman zidatela gogoratzen dut. Inguruko denei aukeratua izan nintzela esan nien, eta hurrengo egunerako ia herri guztiak zekien albistearen berri. Joan aurretik jendearen animo asko jaso nuen, eta jende horren guztiaren ahotik euren babesa nuela jakitea polita izan zen. Horrek psikologikoki asko asebete ninduen, eta abenturan aurrera jarraitzeko indarra behar izan dudanean, inguruko horien animo hitz guztiak motibazio iturri izan dira.
Denetarik egiten jakitea lagungarri suertatzen da. Bertara joan aurretik ezer berezirik prestatu zenuen?
Aukeratua izan nintzela jakin orduko buru belarri prestatzen hasi nintzen. Aurreko urteetako programa guztiak Interneten ikusten hasi nintzen probak gogora ekarri eta zer landu behar nuen jakiteko. Osaba Joseba oso abentura zalea da, eta ondo menperatzen ez nituen hainbat gauza beraren laguntzari esker prestatzeko aukera izan nuen. Besteak beste, orientazio aldetik hainbat ariketa egin genituen, jumar desberdinak probatu nituen eta sua egiten ikasi nuen. Azken horri esker, bigarren egunean sua egitea lortu genuen. Berak irakatsitako guztia oso baliagarria izan zen, eta ikurrina berari eskaini nion.
Esperientzia gogorra izan da. Gosea, nekea, hotza… zer izan da gogorrena?
Oso jatuna naiz, eta goseak ahulduta egotea gogorra izan da. Bestalde, kapitainekin ere ez naiz batere ondo moldatu, eta hori ere gogorra izan da.
Kapitainekin ez zarela ondo konpondu agerian geratu da. Hainbesterainokoa izan da?
Bien jarrera ez zait batere gustatu, talde bat zuzentzeko ez zait egokiena iruditu. Horrek guztiak psikologikoki asko nekatu gaitu; batez ere, Irantzu, Borja eta hirurok.
Jarrera hori dela eta, taldekide askok programa utzi dute, ezta?
Abentura bertan behera utzi dutenak bost izan direla esango nuke, ia talde erdia. Denak ere arrazoi desberdingatik joan dira, baina arrazoirik pisutsuenetako bat kapitain batekin, bestearekin edo biekin ondo ez konpontzea izan da.
Kapitainen jarrerak kalte asko egin dizue?
Jarrera hori dela eta, askotan gure artean ere eztabaida asko egon dira. Edozein huskeriagatik egoerak eztanda egiten zuen. Haserre horietako asko kapitainen erruagatik ere gertatu dira. Batez ere, kapitainak oso berekoiak izan dira; beti gehien jan nahi izaten zuten, kanpamenduko tokirik onenean lo… Horrelako jarrerak ez dira taldea aurrera ateratzeko egokienak izan, eta taldearekin batera gauzak adostu beharrean, euren iritzia inposatu besterik ez dute egin.
Zure taldekide askorek zu modura pentsatu arren, gehienetan zu bakarrik ikusi zaitugu kapitainei aurre egiten.
Kapitainen izatera era eta nirea ez zetozela bat ikusi nuen lehenengo egunetik, eta ez nuen aurre egiteko beldurrik izan, nire izateko era ere horrelakoa delako. Bizitza errealean naizen modukoa izan naiz lehiaketan ere, eta zerbait txarto iruditu bazait momentuan bertan esan dut aurpegira. Kapitainek hori ez dute ontzat eman, eta gure artean hainbat liskar egon dira. Egia esan, askotan nire modura pentsatzen zuten taldekide horien babes hori faltan sumatu dut, batez ere, amaieran. Hasieran indartsu sentitzen zara, baina eguna joan eta eguna etorri eztabaidan egotea, oso nekagarria da.
Jose Luis Korta eta Juanito Oiartzabal oso gustuko zenituen betidanik. Esperientzia hau eta gero, berdin pentsatzen jarraitzen duzu?
Programaren esentzia eurak biak izan direla iruditu zait betidanik. Telebistan ikusitakoaren arabera, eurengandik nuen ikuspuntua oso ona zen, baina elkarbizitzen egon ginen bigarren egunerako hori erabat aldatu zen. Beti protagonismoa bilatzen ari zirela eta oso pertsona berekoiak iruditu zaizkit. Kortarekin hainbat tirabira izan ditut, baina Juanitoren jarrera ez zait batere gustatu. Sorbalda gainetik hizketan etortzen zaizun jendea ez dut gogoko. Askotan norbera zapaltzen modura hitz egiten zigun, besteok hutsaren hurrengoa izango bagina modura. Horrelako jarrerak ez ditut sekula onartu, eta hasieratik, tirabira asko izan ziren gure artean.
Finalari dagokionez, zelako izan zen?
Aurreko gauean ondo lo egin nuen, eta fisikoki ondo esnatu nintzen, final luze bat egiteko gai. Iraupen proba luzea izaten da, eta ikurrina hartu nahi baldin banuen, jakin banekien indarrak doitu egin beharko nituela. Lehen zatian bi bat ordu piraguan egin behar izan genuen, eta ura oso hotza zegoenez, ahalik eta gutxien bustitzen saiatu ginen. Arraunean gindoazela, gainera, irlan jendea ikusi genuen, eta hor zer edo zer egon behar zuela espero nuen. Piraguan egindako zatia eta gero, Iker eta Andeka igeri ikusi genituenean, dudarik gabe nik ere uretara salto egitea erabaki nuen.
Ur hotz horietan zelan moldatu zinen?
10 gradu inguruan zegoen ura, eta nahiz eta ura oso hotza egon, espero nuena baino hobeto moldatu nintzen. Igeri hasi orduko, ordea, irlan zer edo zer ipintzen ari zirela konturatu nintzen, masta bat ikusi nuen, eta geroxeago ikurrina. Proba amaitzen ari zela ikusita, dena eman nuen.
Ikurrina hartu zenuen momentuan zer etorri zitzaizun burura?
Sergio atzetik nuela ikusita, ikurrina lasai hartu eta ospatzeko nire denbora hartu nuen. Gauza asko batera etorri zitzaizkidan burura. Hainbat pertsona izan nituen gogoan momentu hartan: abentura honetan lagun izan ditudan guztiak, familia, bikotea, lagunak… Denak ere momentu horretan zertan ariko ote ziren galdetu nion nire buruari. Herri osoa finala telebistatik ikusten izan nuela pentsatzen nuen, eta horiekin denekin gogoratzen zara. Ikurrina hartu nuen momentu hori poztasun eta gogobetetze handiarekin gogoratzen dut, betiko gogoratu dudan momentua izango da.
Probei dagokionez, egin dituzun guztietatik zein izan da zure gustukuena?
Dudarik gabe, finala esango nuke. Hala ere, Andekaren aurka inmunitatea lortu eta finaleko txartela eman zidan proba ere polita iruditu zitzaidan. Denetarik izan zuen jokoak eta faboritoari irabazi nion, nahiz eta gero, inmunitate hori jatekoaren arazoa zela eta- galdu.
Sari legez lortu dituzun 20.000 euroekin zer egiteko asmoa duzu?
Orain dela gutxi neskalagunak eta biok etxea erosi dugu, eta diru hori hipoteka ordaintzeko ondo etorriko zaigu. Bidaia txikiren bat egiteko asmoa ere badugu, baina ez pentsa gauza handirik egiteko beste ematen duenik ere. Dirua lagungarri suertatu da.
Aukeran emanda, esperientzia berriro biziko zenuke?
Ez, topera gozatu dudan esperientzia aberasgarria izan da, baina bizitzan behin bakarrik bizitzeko modukoa da. Gainera, parte hartzaile modura lortu ahal nuenik eta handiena lortu dut dagoeneko. Orain momentuan beste gauza batzuk ditut buruan, nire egunerokotasunera buelta egina nago, eta ez dago nire planen barruan errepikatzea.