Natalia Zubova Berriatuan bizi den margolari errusiarraren lanak ekainaren 14a arte ikusgai daude Mutrikuko Zabiel kultur etxeko erakusketa aretoan. Orain gutxi Berriatuan egin zuen bere lehen bakarkako erakusketa, eta han izandako arrakasta eta gero, Mutrikun esperientzia errepikatzea erabaki du Arte Lagunak elkartearen eskutik.
Berriatuan izan duen esperientzia oso ona izan dela nabarmendu, eta Mutrikun ere antzerako bidetik doala dio. “Berriatuan, egia esan, nik espero baino jende gehiago etorri zen erakusketa ikustera. Guztira, 500 lagunetik gora izan ziren”.
Era berean, herritar asko harrituta utzi dituela ere nabarmendu du. “Nire herritarrak nik egindako lanekin harrituta ere geratu dira. Askorek, egia esan, ez zekiten margotu ere egiten nuenik ere. Jaso ditudan iritziak oso onak izan dira. Oro har, jendea gustura geratu da Berriatuko erakusketarekin”.

Artista Mutrikurako propio egindako erretratuen aurrean
Guztira, pastel teknikarekin egindako 14 erretratu daude ikusgai, horietako zortzi Berriatuko erakusketan egon ziren berdinak dira. Tartean, gainera, Mutrikurako propio sortutako hiru erretratu ere ikus ditzake bisitariak. “Erakusketaren arduradunei bertoko herritarrak margotu nahi nituela esan nien, eta argazkiak bidaltzeko. Artelagunak Elkarteko kide batek, ordea, beste ideia bat izan zuen, eta argazkietatik margotu beharrean, Kalaputxi herri aldizkariko hainbat portaden artean aukeraketa egin, eta hango hiru herritar margotu ditut”.
Erakusketan dauden erretratu gehienak artistak enkarguz egindakoak baldin badira ere, pare bat sormenak bultzatuta egin dituela dio. Ukrainiako gerrari buruzko
No a la guerra deritzon lana, esaterako, horietako bat da. “Gauza berriak probatu nahi nituen, eta saiakuntza bat egitea erabaki nuen nuen. Lan honekin, batez ere, gerra krudelaren aurrean ama baten beldurra transmititu nahi izan dut. Egia esan, lana bukatu arte ez nintzen gustura geratu. Nire sentimendu guztiak atera eta horiek margolanean ikusi arte, ez nuen etsi”.

Natalia Zubova margolaria ‘No a la guerra’ lana alboan duela
Gerrari buruzko lana, gainera, erakusketan daudenen artean gogokoena du berriatuarrak. Era berezian sortu ere egin zuela gehitu du. “Ama eta bere umea irudikatzeko nire alaba besoetan hartuta argazki bat atera nuen, eta hura moldatzen joan nintzen ondoren”.
Lanak ikusi nahi dituenak erakusketa astegunetan 19:00etatik 21:00etara, eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara ere zabalik izango du. Egilea bera ere hantxe egongo da, lanen inguruko azalpenak nahi dituenari ematen.