Hiru urteko etenaren ondoren, Euskaltzaleen Topaguneak eta Lekeitioko Udalak Benito Ansola Saria jarri dute martxan, EHUko Mikel Laboa katedraren babesarekin, eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren laguntzagaz.
Lehiaketaren helburua, euskal kultura zabaldu eta ikus-entzunezkoen ekoizle gazteei laguntza ematea da, eta horretarako ikus-entzunezko proiektu bat ekoizteko 3.000 euroko saria jasoko du irabazleak.
Gaur goizean izan da Benito Ansola saria aurkezteko prentsaurrekoa Bilboko Kafe antzokian. Bertan egon dira Maitane Larrauri Lekeitioko Alkatea; Juan Kruz Igerabide EHUko Mikel Laboa Kadedraren zuzendaria eta Beñat Vidal Euskaltzaleen Topaguneko kidea.
Benito Ansola beka aurkeztu dute Maitane Larrauri Lekeitioko Alkateak, Juan Kruz Igerabide EHUko Mikel Laboa Kadedraren zuzendariak eta Beñat Vidal Euskaltzaleen Topaguneko kideak. Argazkia: Euskaltzaleen Topagunea
Deialdian parte hartu nahi duten gazteek, ikus-entzunezko lanak (fikzio, sorkuntza, animazio nahiz dokumentalak) egiteko proiektuak aurkeztu behar dituzte 2015eko urriaren 16a baino lehen. Euskararen presentzia ezinbestekoa izango da, eta proiektu sarituaren izena 2015eko Lekeitioko Euskal Zine Bilerako itxiera ekitaldian jakinaraziko da. Gero, irabazleek, izendapena jaso eta 2016ko irailaren 16ra bitarteko epea izango dute ikus-entzunezkoa bukatzeko.
2012ko Benito Ansola saria, Maria Elorzak (Donostia, 1988), Maider Fernandezek (Donostia, 1988) eta Aitor Gametxok (Lekeitio, 1989) lortu zuten saria, “Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa” proiektuagaz.
Benito Ansola Saria OINARRIAK