Lehenengo txinpartak ehuntze eguneko ekimenean ikusi baziren, datorren domekan, ekainak 14, Isuntzaren asteburuaren inguruan, Gure Esku Dagoren I. Bandera jokatuko da goizeko 11:00etan hasita Lekeition. 33 traineruk hartuko dute parte, emakumezko eta gizonezko, erlojuz kontrakoa eta tandetan hartuko dute parte traineruak.
Ehuntze Eguna ospatu zuten Lekeition. Argazkia: Koldo Leniz
Jokatu eta ospatu, jai giroan murgilduko da Lekeitio. 12:30etan oihalen konzentrazioa egingo dute Talan, eta estropada amaitu ondoren plazako kioskoraino joango dira kalejiran oihalekin. Bertan, Gure Esku Dagoko Zelai Nikolasek eta Lekeitioko Udalaren ordezkariak, Bandera preziatua eta gainontzeko sariak banatuko dituzte.
“Polita izango litzake asteburuan aurtengo kamiseta koloretsuak jantzita eramatea ekimenak girotze aldera. Kamisetak, noski, Gure Esku Dagoren lokalean daude salgai”, gonbidatu dute Lekeitioko Gure Esku Dagoko kideek.
Sarrerak salgai
Kamiseten modura, San Mameseko ekimen nagusirako sarrerak ere heldu dira Lekeitiora. Aurtengo erronka 1500 BAIETZ! dute, eta Amotarrak erronka hori soberan bete dutela aurreratu dute. “Kontuan hartzen badugu Amorotoko 416 biztanleetatik 91 jaso dituztela sarrera jadanik, Amotarren 25%, San Mamesen egongo da”.
Sarrerak Lekeitioko Gure Esku Dagoren aretoan daude salgai, baina domekan plazan eta Talan jarriko diren salmenta postuetan ere aurkitu ahalko dira. Lekeition sarrera salmenta ekainaren 16ra arte izango da. Eskolapeko aretoa astegunean 18:00etatik 20:30era dago zabalik eta zapatuetan eta domeketan 12:00etatik 14:30era.
Lekeitioko Gure Esku Dagoren aretoa. Argazkia: Koldo Leniz
Era berean autobusetarako txartelak ere salgai daude, 7eurotan joan-etorria. 09:30ean aterako dira autobusak Portal de Ateatik, Bilbon goizean eta eguerdi ostean zehar hasita egongo diren ospakizun eta ekimen guztietara iritsi ahal izateko.
Baina goizean joaterik ez duenarentzat , 15:15ean autobus berezi bat jarriko dute “San Mameseko ekimena behintzat harrapatu ahal izateko”.